"Atzoko erantzuna izugarria izan zen, sententzia publikatu eta minutu gutxitan Bartzelonako erdigunea itxita zegoen"

Aritz Maldonado 2019ko urr. 15a, 20:00
Irati Alkorta, Haizea Pastor eta Xabier Madariaga

Bartzelonan, 'Sententziaren itzalean' erreportajea lantzen zebilela harrapatu ditu prozesu subiranistaren buruzagien aurkako epaiaren kaleratzeak eta osteko erreakzioak 'Ur Handitan' telebista saioko lan taldeko kideak. Durangaldeko bi lagun daude bertan: ekoizpen lanetan dabilen Irati Alkorta kazetari durangarra eta  Hodei Zambrano editore zornotzarra. Gaur, urriak 15,  22:00etan emitituko du saioa EITBk. 

- Nolakoa izan zen atzoko eguna? 

Atzoko erantzuna izugarria izan zen, sententzia publikatu eta minutu gutxitan Bartzelonako erdigunea itxita zegoen. Ostean, Katalunia plazara joan ginen: han ziren batzekoak zutabe guztiak, eta han zen Tsunami Demokratikoa beraien ekimena iragartzekoa. 13:00etan El Prateko aireportura joateko deia luzatu zuten.

Ez dakigu nor den Tsunami Demokratikoa, orokorrean, herria da. Gu Telegram bidez joan ginen guztiaren berri edukitzen. Oso ondo antolatua dagoen sentsazioarekin geratu gara, eta sare sozialetan ere oso ondo moldatzen dira. Aipagarria da, baita ere, mobilizazioetan parte hartu duten herritarren aniztasuna, bai klase sozial aldetik, baita adin tartearen aldetik. 

- Mobilizazioren batean egon zineten?

Gu Bartzelonako erdigunean geratu ginen, programarako beste elkarrizketa batzuk baikenituen aurreikusita, baina lan taldeko kide batzuk aireportura joan ziren. Iluntzeko mobilizazioetan bai egon ginen, eta oso emozionanteak izan ziren; jendetza zegoen oihuka, erantzuteko gogoz. Izugarria  izan zen. Jendeari galdetuta, esan ziguten ogitartekoekin eta ur botilekin joan zirela mobilizazioetara, luzerako joan zitekeela aurreikusita. Gero, tentsioa handituz joan zen, eta kazetari legez identifikatzen gintuzten txalekoak jarri behar izan genituen. Lehenengo biderra izan da horrelako egoera batean lan egin behar izan dudala. 

- Bartzelonara abiatu zinetenean, zein zen zuen asmoa?

Mobilizazioetan parte hartzekoak ziren euskaldunekin egotekoak ginen, eta gure asmoa hori grabatzea zen. Baina, sententziaren erreakzioa ez ezik, Kataluniako gizartean mobilizazioak nola prestatzen erakutsi gura genuen, zer dagoen horren atzean. Urriak 12ko manifestaziora ere hurbildu ginen, idependentziaren aurka daudenen iritzia ezagutzera. 

- Eta, zer ikusiko da gaurko saioan?

Sententzia irtetear zegoela eta, bertan bizi diren euskaldunek nola biziko zuten erakustea gura genuen. Horrez gainera, Kataluniako gizartea nola dagoen erakutsi gura genuen. CDRko bi kiderekin egon gara, baita, Jordi Sanchezen gurasoekin eta Carles Puigdemonten arrebarekin, besteak beste. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!