Mozorro Egunaren biharamunean garbituko dute Mañaria erreka. "Neurritik gorakoa da Mozorro Egunean errekan pilatzen den zaborra. Jende asko etortzen da Durangora eta denerik agertzen da errekan: ileordeak, serpentinak, globoak...", azaldu du Jai Batzordeko Rai Bikandik. Bestalde, Ehiza eta Arrantza elkarteak eta Inurrik martxoan ekintza bat antolatu zutela erreka garbitzeko gogoratu du Bikandik, eta errekan batutako hondakinekin lau zaborrontzi bete zituztela.
Bikandik dioenez, pausoak ematen joatea da helburua, errekan hiri-hondakin solidorik egon ez dadin. Bide horretan, Agenda 21aren bitartez, jaiak iraun bitartean, ibai-ahoan plastikozko sarea ipini gura dute, "Zaborra Ibazabalera, eta ondoren itsasora heldu ez dadin".
Erreka jaitsiera
Urteak dira, Ourdaybik antolatuta, Mañaria errekaren jaitsiera egiten dela San Fausto egunean. "Erreka garbitzeko ere aprobetxatzen da hori. Hala ere, Tabiratik presaraino baino ez da egiten. Errekaren zati bat garbitzen da", gogoratu du Jai Batzordeko kideak. Bada, aurten, tradiziozko Mañaria errekaren jaitsieraz gainera, urriaren 20an, erreka osoa garbituko dute.
Herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatu behar direla azpimarratu du Bikandik: "Erreka garbitzen den arren, jendeak ez du kontzientzia hartzen, eta geroago eta zailagoa da zabor guztia batzea. Errekan geroago eta zabor gehiago pilatzen da". Ekimenak hurrengo urteetan jarraipena izatea gura dute, eta elkarte gehiago batzea. "Foro bat sortzeko aukera egon daiteke, eta kontzientzia hartuta dauden elkarteen artean informazioa partekatzeko eta hartu-emana estutzeko modua izan daiteke", esan du Bikandik.