Zer espero duzue aurtengo manifestaziotik?
Silvia del Amo: Iaz baino jende gehiago batzea itxaroten dugu.
Gorka Unzalu: Nire ustez, sokamuturraren kontrako jende asko dago, eta euren iritzia kalean erakustea espero dut. Datorren urtean Zezenak Dira ez antolatzea da nire itxaropena. Sokamuturrari ez diogu ibilbide luzerik ikusten. Legealdi hau ez duela gaindituko itxaroten dugu.
Herritarren iritzia jakiteko, ondo ikusiko zenukete galdeketa bat egitea?
G.U.: Guk ez dugu galdeketarik eskatzen. Pertsonen eskubideei buruz arituko bagina, inori ez litzaioke okurrituko galdeketa bat egitea. Seguruenik, herritarrik gehienak Zezenak Dira mantentzearen alde daude, baina txarto dagoena kendu egin behar da, txarto dagoelako, nahiz eta gehienak alde egon.
S.A.: Inori ez zaio gustatzen umiliatua izatea. Animaliak ere ez dira umiliatu behar.
Eta zuen ikusmoldearen berri emateko, udalagaz batu gura duzue?
G.U.: Edozeinegaz berba egiteko prest gaude. Kontua da: zeri buruz berba egingo dugu? Galdeketa egingo dugun ala ez? Gure postura oso garbia da: sokamuturra kendu egin behar da. Hori da gutxiengoa. Hortik aurrera, beste ekitaldi batzuk datoz: poneye-ak, errekortariak… Izan ere, sokamuturraren kontrakoa ez ezik, animalien eskubideen aldekoa da manifestazioa, bere osotasunean.
Sokamuturrak tradizio luzea du Durangon. Beste herri batzuetakoa baino zezen plaza gatxagoa da horregatik?
G.U.: Bizkaian, Otxandion eta Durangon baino ez da egiten sokamuturra gaur egun. Azken hauteskundeetan Durangon izan den gobernu aldaketagaz ez dut konfiantza handirik. Izan ere, Azpeitian EH Bildu dago gobernuan eta zezen jaialdiak egiten dira. Horregatik, gobernuan alderdi bata zein bestea egon, ez dit esperantza handirik ematen.
Jaietan jende asko batzen duen ekimena da.
G.U.: Jendeak bere dibertsioa animalien eskubideen aurretik ipintzen du. Azkenean, sokamuturra gure ikuspegi antropozentristaren isla da. Gizakiak uste du, gizakia delako bakarrik, gainerako animaliak baino gehiago dela, eta animaliak berak gura duen moduan erabiltzeko eskubidea duela. Beraz, bigantxa gu baino gutxiago denez, gura dugun moduan erabili dezakegu. Hori da pentsamendua, orokorrean. Sokamuturra icebergaren tontorra da, espezieen arteko diskriminazioa erakusten duena. Bizi guztian esan badidate legitimatuta gaudela hori egiteko, gizartetik heldu zaidan mezua hori bada, zertarako arduratuko naiz?
Inoiz ikusi duzu Durangoko sokamuturra zuzenean?
G.U.: Ez, Durangokoa ez. Baina Azpeitikoa bai, eta neure buruari galdetu izan diot: "Zelan dibertitu daiteke jendea hau ikusten?". Ezin dut ulertu.
Betidanik izan duzue gaur egun duzuen pentsamendua?
G.U.: Gure etxean txerriak, behiak… izan ditugu. Haiek hiltzea normaltzat hartzen nuen hasieran. Harik eta gauzak zalantzan ipintzen hasi nintzen arte. Jendeak, orokorrean, beldurra du gauzak zalantzan ipintzeko.
Non dago animalienganako tratu txarra dagoen ala ez bereizten duen muga?
G.U.: Kontua ez da animaliak jotzea edo txarto tratatzea bakarrik. Ipini beharreko muga horren aurretik dago. Animaliak gure helburuetarako erabiltzen ditugu eta hori txarto dago. Ez dago besterik.
Beraz, zezenketaren kontra eta sokamuturraren alde egotea ez duzue koherente ikusten.
G.U.: Errazagoa da zezenketaren kontra egotea, jenderik gehiena ez delako zezen plazara joaten. Baina sokamuturra desberdina da. Ez da hara joan eta ikustea bakarrik. Haren atzean ohitura multzoak daude: aurretik lagunekin geratu, elkarregaz gosaldu… Beraz, pertsona horri gehiago kostatuko zaio sokamuturraren kontra egotea. Baina, sakon-sakonean, animalien erabilera da kontua.
S.A.: Animaliekiko dugun propietate ikuspegia, alegia. Gauza bat balira lez ikusten ditugu. Horixe da aldatu behar den ikuspegia. Animaliak gugaz daudela ikusi behar dugu, eta ez guretzat, guk erabiltzeko.
Zerbait gehitu gura duzue?
G.U.: Bai. Aukera posible bi daude: animalien esplotazioaren eta erabileraren alde ala kontra zaude. Zuria ala beltza, ez dago grisik. Irtenbidea beganismoa da. Edo beganoa zara edo animalien esplotazioaren alde zaude. Denok eman dezakegun urratsa da. Ni 45 urtegaz egin nintzen begano. Beganismoaren inguruan ezjakintasun handia dago.