Durangoko Landako Kiroldegiak Euskal Kopako irabazlea erabakiko du asteburuan

Joseba Derteano 2019ko ira. 17a, 14:13
Durangoko Udaleko, Euskadiko Saskibaloi Federazioko eta lau talde finalistetako ordezkariak gaur Durangoko Gran Hotelen eskaini duten prentsaurrekoan.

Gasteizko RPK Araski saskibaloi taldeak hirugarren urtez jarraian jaso dezake irabazlearen kopa.

Durangoko Landako Kiroldegia euskal saskibaloiaren erdigune bihurtuko da asteburuan, Euskal Kopako azken fasearekin. Estatu mailako ligarik indartsuenean dabiltzan Gasteizko RPK Araski, Lointek-Gernika eta IDK-Gipuzkoa taldeak izango dira protagonistetako hiru. Maila bat beherago dabilen Ibaizabal sorpresa ematen saiatuko da.

Gasteizko Araski taldeak hirugarren bider jarraian irabazi dezake Euskal Kopa. “Ilusio handia egiten digu berriro irabazteko aukera izateak eta horretan saiatuko gara”, adierazi du Iratxe Rodriguez Araski taldeko presidenteak gaurko aurkezpenean. Lointek-Gernikak eta IDK Gipuzkoak ere badakite Euskal Kopa irabaztea zer den.

Ordutegiak

Barikuan final aurrekoak jokatuko dira: 17:45ean, RPK Araski eta Ibaizabalen artekoa hasiko da, eta 20:00etan, Lointek-Gernika eta IDK Gipuzkoaren artekoa. Domekan 09:45ean, hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituzte. Segidan, 12:00etan, bi talderik onenen arteko finala jokatuko da.

Doako sarrerak

Sarrerak doakoak dira. Durangoko Kuttun tabernan zein saskibaloi federazioaren Bilboko egoitzan eskuratu daitezke aurretik. Egunean bertan ere lortu ahalko dira kiroldegiko lehiatilan.

Euskadiko Saskibaloi Federazioaren, Tabirako klubaren eta Durangoko Udalaren arteko hitzarmen bati esker jokatuko da azken fasea Durangon. Iaz sinatutako hitzarmenak hiru urterako iraupena du. Beraz, 2020ko finala ere Durangok hartuko du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!