Durangoko galdeketa

Erabaki plataformak Durangoko gobernu taldearekin batzarra eskatuko du galdeketaren prozesua zelan dagoen jakiteko

Joseba Derteano 2019ko ira. 12a, 13:30

Udalbatzarra osatzen duten gainerako alderdiekin batzeko nahia ere erakutsi dute.

Estazioko planari buruzko herri galdeketa eskatzen duen Erabaki plataformak Durangoko Udaleko gobernu taldearekin batzartzeko eskaera egingo du Herritarren Arreta Zerbitzuaren bidez. "Galdeketaren xehetasun tekniko eta juridikoak eta prozesua zein puntutan dagoen azaltzeko eskatuko diegu", azaldu dute ohar batean. Galdeketa egiteko eskakizuna, galdera bera eta galdeketaren data osoko bilkurara "ahalik arinen" eramateko aukera aztertu gura dute elkarlanean.

Horrez gainera, prozesuari buruzko informazioa "aldian-aldian" emateko eskatuko dute. "Gardentasuna ezinbestekoa dela deritzogu eta hilero gaiaren inguruko datuak publiko egiteko iradokiko diegu", azaldu dute.

Udalbatzarreko gainerako alderdiekin batzeko nahia ere erakutsi dute. "Uste dugu garrantzitsua dela alderdi guztiekin hitz egitea", diote. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!