Durangoko galdeketa

Erabaki: "Badirudi galdeketa gertuago dagoela eta errealitate bihurtuko dela"

Markel Onaindia 2019ko uzt. 9a, 10:34

Erabakik Durangoko udal gobernu berriagaz batzarra eduki zuen joan zen astean, eta bertan berba egindakoari buruz oharra zabaldu du plataformak. "Lehen trabak zirenak, orain galdeketa egiteko erreztasunak direla esan genezake". Galdeketarako datarik oraindik ezarri barik egon arren, esperantza eta sintonia ageri dira Erabakiren mezuan. 

Erabakiren arabera, gobernu taldearen asmoa zen uztailaren 17ko osoko bilkurara eramatea galdeketaren data ezartzeko gaia. Baina, txosten juridikoa oraindik egin barik dago, eta ondorioz atzeratu egingo da. Gobernuak, "legeak eta denborek ahalbidetzen dutenean" galdeketa prozesua martxan jartzeko borondatea agertu du, kontsultaren aldeko taldeak dioenez. Galdeketa egitea 3.000 durangarrek eskatu zuten sinadura bidez, eta pauso hauek emanda "herritarren hitza errespetatu" egingo dela uste du plataformak. Orain arte, aurreko legealdian EAJ eta PSE-EEren gobernuagaz kritiko agertu izan da. Egun gobernuan dauden alderdien babesa izan du, ostera.

Hauek izango dira hurrengo pausoak, laburbilduta:

- Udaleko zerbitzuek txosten juridikoa osatuko dute
- Erabakik sinadura bilketan proposatutako galdera batzordera eramango dute
- Batzordetik pasata, osoko bilkuran eztabaidatuko da
- Espainiako Gobernuko ministroen kontseilura bidaliko dute galdeketa egiteko eskaria

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!