DRTk Euskal Ligaren aldeko apustua berretsi du, Ohorezko B Mailan jokatzeko aukerari uko eginda

Joseba Derteano 2019ko uzt. 17a, 21:56

Espainiako Rugby Federaziotik jasotako eskaintzari ezetz esan diote.

Aurreko denboraldian Durango Rugby Taldeko gizonen talde nagusia Ohorezko B Mailatik jaitsi egin zen. Orain, federaziotik idatzi bat jaso dute maila horretako promozio fasean parte hartzeko aukera eskaintzen diena. Baina DRTk uko egin dio. "Zuzendaritzatik jakinarazi nahi dugu ez dugula promozio horretan parte hartuko", informatu dute ohar baten bidez.

Arrazoi nagusia DRTk "Euskal Ligaren alde" egin gura duen "apustua" da. "Horrela adierazi genuen 2018ko maiatzaren 24an kaleratutako eta Euskadiko Errugbi Federazioari helarazitako dokumentuan. Bertan, baldintzarik gabeko babesa erakusten dugu Errugbiko Euroeskualdea sortzearen alde. Uste dugu, klub amateurra garen neurrian, gure esfortzu guztiak aipatutako liga hori indartzera bideratu behar ditugula helburua lortu arte", adierazi dute.

"Eskerrak" eman gura dizkiete 15 urtean Ohorezko B Mailan bidelagun izan dituztenei. "Alde batera uzten dugun lehiaketari inolako kalterik egin gura barik, gure apustua lurralde eremuaren alde egitea da", azaldu dute.

DRTk behin baino gehiagotan adierazi du Euskal Ligaren alde egiteko asmoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!