Ohorezko B Mailari agur esan diezaioke DRTk eta Euskal Herriko Liga berrian jarrita du begirada

Joseba Derteano 2019ko ots. 23a, 10:30

Hamabost urte iraun duen abentura bere azkenera heltzeko zorian dago. Durango Nissan Gaursa gizonen talde nagusia Ohorezko B Mailari eusteko aukerarik barik geratu daiteke asteburuan. Sailkapeneko egoerak eta etorriko den aurkariak ez dute beste hausnarketa baterako zirrikiturik uzten.

Lau jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta Durango Nissan Gaursak lehen hiru sailkatuen kontra jokatu behar du oraindik. Esaterako, gaur, 18:00etan, Getxo bigarren sailkatuak bisitatuko du Arripausueta. Getxoztarrak garaipen gosez etorriko dira euren helburuak lortzeko.

Denboraldi osoan partidu bakarra irabazi du DRTk eta garaipenak behar ditu mailako talderik indartsuenen kontra. Hala eta guzti ere, beste emaitza batzuei begira egon behar luke. Azken aurreko sailkatua 16 puntu goitik dute.

Testuinguru horretan, maila galduta dutela "barneratuta" dutela adierazi du Juan Mari Iriondo DRTko presidenteak. "Noizbait heldu behar zen", gehitu du. Geratzen diren partiduetan "ahalik partidurik onenak" jokatzea ei da helburua. Euskal Ligara jaistea normaltasunez hartu dute, eta logikaren kontrakoa hainbeste urtez Ohorezko B Mailari eutsi izana, Iriondoren esanetan. "Urterik urtera, aurkariek diru gehiago gastatu eta kanpoko gero eta jende gehiago fitxatzen dute. Gu ez gaude bide horretan", adierazi du harrobiaren garrantzia azpimarratu aurretik. "Talde askok kanpokoak fitxatzen dituzte eta horrek harrobiari eragiten dio. Indar guztiak goian ipiniz gero, beheko taldeak ahultzen dira", arrazoitu du. Hain zuzen, harrobia da DRTren indargune nagusia. Gaur egun, 14 urtera arteko 160 neska-mutil dabiltza errugbian.

Etorkizunari begira
Aldaketak datoz errugbiaren munduan eta DRT aukera berrien trena hartzeko prest dago. Hainbat erakunde Euskal Herriko Liga bat sortzeko lanean dabiltza. Iparraldeko eta Hego Euskal Herriko taldeek osatuko lukete. Hurrengo denboraldian ez bada, hemendik bira egon daiteke martxan, eta DRTk bertara batzeko asmoa du. "Hor jarrita dugu begirada", onartu du Iriondok. "Liga potentea izan daitekeela uste dugu eta joan-etorriak askoz ere eramangarriagoak lirateke", adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!