[ARGAZKI GALERIA] Ume sahararrei harrera ofiziala egin diete Durangon

Markel Onaindia 2019ko uzt. 15a, 14:16

Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamenduetatik Durangaldera uda pasatzera etorri diren ume sahararrei harrera egin diete Durangoko udaletxean. Ima Garrastatxu alkatea buru zela, korporazioko alderdi guztietako hainbat zinegotzi egon dira harreran.

Garrastatxuk uda on bat pasatzea opa die umeei, eta "bi herriren eta kulturaren arteko trukaketa" izatea espero du. Harrera familien eta elkarteetako boluntarioen ekarpenik barik ez litzateke posible izango ume sahararren aldeko proiektua, eta alkateak euren lana eskertu du. "Boluntarioek egiten duzuen lana eskertu eta balioan ipini nahi dut", esan die.

46 ume Durangaldean
Bisatu kolektiboekin izandako arazo bategatik, aurten ohi baino beranduago heldu dira umeetako batzuk. Hain zuzen, barikuan etorri ziren falta ziren umeak. Aniztasun funtzionala duten 11 ume hartuko dituen Rio de Oro kanpamenduko Mikel del Arcok azaldu du "gogotsu" daudela umeekin egoteko. Ekintza ugari egingo dituzte, eta mediku azterketak ere pasako dituzte.

Rio de Oroko kanpamenduez gainera, Axpen 15 egongo dira Hamadako Izarrak taldeagaz. Bestalde, Rio de Orok 11 umerentzako harrera familiak topatu ditu, eta Elorrioko Lajwadek 9. Beraz, guztira 46 umek igaroko dute uda eskualdean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!