[ARGAZKI GALERIA] Durangoko gobernu akordio berria herritarrekin batera sinatu dute

Markel Onaindia 2019ko eka. 25a, 18:57

Kurutzesantu museoan eginiko ekitaldian datozen lau urteetarako udal gobernu akordioa izango dena sinatu dute EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak. Udal ordezkariez gainera, hainbat herritarrek ere sinatu dute akordio hori.

"Bada udal politika ulertzeko modu bat, irekia, bulegoetatik kanpo kalean egiten dena, hurbila eta pertsonala", azaldu du Ima Garrastatxu alkateak eta EH Bilduko zerrendaburu izan denak. Durango bihotzez lemapean, 12 lehentasuneko programa bat aurkeztu dute. Eta, hori, jendeagaz landu gura dute. "Durangok aurrera egin dezan jendea eta bere beharrak jarri behar ditugu erdigunean". Adibidez, indar berezia jarriko dute auzoetan.  "Eurek ahotsa eta berba izatea nahi dugu", esan du Herriaren Eskubideko Julian Riosek.  Gobernu osaketaren inguruko informaziorik ez dute aurreratu, nahiz eta aldaketak egongo direla aitortu. "Argi dugu gure proposamena, baina astelehenean bozeramaileen batzordean beste alderdien iritzia entzungo dugu", esan du Ima Garrastatxu alkateak prentsaren galderari erantzunda. Uztailaren 2ko ez ohiko osoko bilkuran onartuko da udal antolaketa berria. 

Hauek dira akordioko 12 lehentasunak laburbilduta:

Justizia soziala: Gizarte zerbitzuetara sarbide unibertsala, pertsona nagusien "bizitza duina", gazteentzako "baldintza duinak" -tartean alokairu soziala-, harrera protokoloak.

Feminismoa: Udal gobernu feminista. Mugimendu feministagaz batera biolentzia matxistaren aurkako udal plana diseinatu, hezkidetza plan integral bat sortu, prestakuntza udal jardunerako.

Estazioko lurrak: Obrak bertan behera utzi, herri galdeketa egin eta emaitza errespetatzeko borrokatu. 

Komertzio lokala eta enplegua:  Eguzkitzako eremuan ikerkuntza, garapen eta berrikuntzako enpresen sarrera sustatu. Merkatu plaza eraberritu, bertako komertzioak eta produktuak bultzatu. ABLEak ez kontratatu.

Airea: Mahai bat eratu enpresekin, herritarrekin, teknikariekin eta politikariekin. Trantsizio energetikoa eraikin publikoetan.

Auzoak: Auzo zinegotziak ezarri eta auzo kontseiluak eratu.

Osasuna eta kirola: 24 orduko pediatria, ZIU anbulantzia eta bihotz-biriketako bizkortze zerbitzuak eskatu. Mediku eta erizanen ratioak hobetzea. Kiroletan emakumeen partaidetza sustatu.

Euskara eta kultura: Euskal hiztunen eskubideak bermatu. Kultur mahai eta agenda bateratua sortu.

Hezkuntza: Familien beharrak ezagutzea Udal Eskola Kontseiluaren bitartez. Hezkidetza plana.

Espazio publikoa: Garai palazioa, Correosen bulego zaharrak, San Agustingo ospitalea, Murueta Dorrea, Kapitanena baserria... berreskuratu. Argitasun sistema hobetu era jasangarrian.

Mugikortasuna: Auzotaxia ezarri, bidegorri sarea berritu, parkingen erabilera optimizatu. 

Udal gardena, gertukoa eta parte-hartzailea: Udal jarduna erregulatzen duen arautegia eratu, kontu ikuskaritza egin, aurrekontu parte-hartzaileak landu, auzoetan eta elkarteekin foroak sortu, herritarrei alkateagaz eta zinegotziekin batzartzeko aukera eman. Gaur hasi du Garrastatxuk herritarrak zuzenean hartzeko ekimena, eta adierazi du uztail osoko agenda betea daukatela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!