Fundifest: Duela 4 urteko okupazioa berresteko ospakizuna Sorginola gaztetxean

Markel Onaindia 2019ko eka. 27a, 08:40

Orain lau urteko ekain amaieran Fundifes enpresa zaharreko bulegoak okupatu zituzten, gaztetxe bihurtzeko asmoz, eta horrela jaio zen Sorginola. Gaur, laugarren urteurrena ospatzen hasiko dira eta ekintza ugari antolatu dituzte astebururako, Dimentsio berri batera lemapean. Gainera, Tabirako jaiak ere izango dira aldi berean. Izan ere, orain lau urteko okupazio egunean ere jaietan murgilduta zegoen Tabira auzoa. 

Gaur gaztetxearen etorkizunari buruzko afari tertulia bategaz hasiko dute egitaraua, eta gero gaubela egingo dute. Bihar, bestalde, Berbaz aldizkari literarioaren bigarren edizioa aurkeztuko dute, 19:00etan. Herriko gazte eta sortzaileen lanak bilduta osatu dute alea. Sexu Askapenaren Egunagaz bat eginda, irakurraldia iragarri dute 21:00etarako, Bilgune Feministagaz batera. 22:00etan, gazteek DJ maratoian parte hartuko dute. Tartean, 20:00etan, tortilla jana egongo da Tabirako zelaian.

Zapatuan marmitakoa
Zapatukoa izango da egun handia, bai Sorginolan, bai auzoko jaietan. Tabirako jaiei lotuta, marmitako txapelketa egongo da eguerdian. 20:00etan kontzertu bat eskainiko dute elizpean, eta gauean gaztetxe barrura pasatuko da egitaraua. Ezetaerre, The Guilty Brigade eta Gora Etorri taldeek kontzertuak eskainiko dituzte, jaiagaz jarraitzeko asmoz. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!