Gorka Fraile preso durangarrak kalean egoteko hiru eguneko baimena izan du

Markel Onaindia 2019ko eka. 6a, 09:27

El Duesoko (Kantabria, Espainia) kartzelako Tratamendu Batzordeak emandako ohiko baimen bat izan dela informatu du Etxeratek. Izan ere, bigarren graduan dago durangarra, espetxe horretara abenduan hurbildu zutenetik. Hiru egun kalean egon ostean, atzo bueltatu zen kartzelara.

Gorka Fraileri minbizia topatu zioten 2015ean, eta geroztik preso gaixo larrien zerrendan kokatua dauka Jaiki Hadi elkarteak. 2018 amaieran Madrilgo Gobernuak zenbait preso hurbiltzea erabaki zuen, eta horietako bat izan zen durangarra.

Hala ere, ordura arte Badajozeko (Extremadura, Espainia) kartzelan eduki zuten preso, familiarengandik 700 kilometrora. Etxera hurbiltzea eskatu zuen Frailek, baina Espainiako auzitegiek ukatu egin zioten. Joan zen astean Estrasburgoko giza eskubideen auzitegiak ere eskaria atzera bota zuela jakin zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!