Hauteskundeak

Elkoroiribe: "Emaitzen irakurketa sakon eta lasai bat egin behar dugu, durangarren mezua ondo ulertzeko"

Markel Onaindia 2019ko mai. 27a, 13:36

EAJ izan da alderdi bozkatuena Durangon, eta 2015eko datuekin alderatuta gora egin du botoetan. Baina, zinegotzi banaketak gobernua galtzeko bidean jarri du. Emaitzen osteko lehen balorazioa egin du Mireia Elkoroiribe alkategaiak.

"Emaitzen irakurketa sakon eta lasai bat egin behar dugu, durangarren mezua ondo ulertzeko". Hori izan da Elkoroiriberen lehen balorazioa. Balioa eman dio alderdi lez jasotako emaitzari. "Pozik gaude durangarren konfidantza mantentzen dugulako. Alderdirik bozkatuena izan gara, 2015ean baino boto gehiagogaz; horrek esan nahi du beste durangar batzuek ere gugan konfidantza jarri dutela", esan du jeltzaleak.

Elkoroiriberen iritziz, Herriaren Eskubidea-Elkarrekin Podemos alderdiaren gorakadan dago zinegotzi banaketa aldatu duen gako nagusia. "Behin baino gehiagotan esan izan dut gizartea aldatzen dabilela, jendeak gauza berriak behar dituela, gehiago parte hartzea behar duela. Elkarrekin Podemosek hor irabazi du durangar batzuen konfidantza, eta kontuan hartu behar da".

EAJk zaila dauka udalean agintzen jarraitzea, baina Elkoroiribek azaldu du alderdiekin berba egingo dutela. "Gu gara alderdi bozkatuena. Besteekin berba egitea eta gobernu orekatu bat eratzen saiatzea tokatzen zaigu, durangarrek hori eskatu digute", adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!