Hauteskundeak

Durangon 24 orduko pediatria eta ZIU-Mugikor medikalizatua lortzea dira Herriaren Eskubidearen “lehentasunak”

Joseba Derteano 2019ko mai. 20a, 12:38

Bihotz-bizkortze zerbitzua ere aldarrikatu du Elkarrekin Podemos eta independienteekin koalizioan aurkeztuko den alderdiak.

Durangoko osasun zerbitzua areagotzeko ahaleginak “lehentasuna” izaten jarraituko duela adierazi du koalizioak. 24 orduko pediatria zerbitzua “beharrezko” ikusten dute. “Gure seme-alabak ez dira bigarren mailako herritarrak. Eskualdean larrialdi pediatrikoak behar ditugu Gurutzetaraino dauden 40 kilometroak saihesteko”, adierazi du ohar baten bidez Julian Rios alkategaiak.

Herriaren Eskubidearen beste eskakizunetako bat herrirako anbulantzia zerbitzu berriak izango dira. “Ezinbestekotzat” jotzen dute ZIU-Mugikor medikalizatua izatea, Gernikako Ospitalean dagoenaren “menpe” ez egoteko. Horrekin batera, bihotz-bizkortze zerbitzua eskatuko dute.

Azkenik, Osakidetzari Durangoko anbulategi zerbitzua “handitzeko” eskatuko diote, espezialitate eta diagnosi proba gehiago egiteko aukera egon dadin. “Era honetan durangarrak ospitaleetara gutxiago joango lirateke”, adierazi du Riosek.

Informazio-mahaiak

Herriaren Eskubidea koalizioak informazio mahaiak jarriko ditu aste honetako hainbat egunetan. Gaur, 16:00etatik 19:00etara, Landakoko Osasun Zentroan egongo dira. Bihar, 18:00etatik 21:00etara Madalenan, eta, eguenean, 18:00etatik 21:00etara, Kurutziagan jarriko dituzte mahaiak. Barikuan bi tokitan egongo dira, 19:00etatik 21:00etara: Herria parean eta San Fauston.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!