Gaur Durangoko Andra Marian egindako ekitaldira koalizioko hainbat ordezkari batu dira: Julian Rios Durangoko alkategaia, Neskutz Rodriguez eta Maria Oñate zerrendakideak, Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusia, eta, Eneritz Madariaga eta Israel Eskalante Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaiak.
Politikaren erdian "herritarrak" jarri dituztela adierazi du Riosek. Durangokoa instituzio "itxia" dela esan du eta eurak gobernatzen badute "ateak irekita eta belarriak adi" egingo dutela lan. 317 proposamen jasotzen dituen programa defendatu du asko herritarrek egindakoak direla azpimarratuz. "Hanka bat instituzioan eta mila kaleetan, horixe izan da eta da gure leloa".
Mahai gainean jarri dituzten gaiak zerrendatu ditu. Esaterako, tren geltokiko lurrak. Bi errekurtso jarri dituztela eta egunotan aldeko sententzia bat jaso dutela informatu du. Zona hartarako "gune berdeak eta zerbitzuak" proposatu ditu eta EAJri eta PSE-EEri galdeketa bat egiteko "borondaterik eza" leporatu die. Ongizateaz ere jardun du. "Murrizketak" salatu eta "kalitatezko zerbitzuak" aldarrikatu ditu. Auzo taxia proposatu zutenetik hiru urte joan direla gogoratu du, baina "ez" dutela "erantzunik jaso". Azkenik, gazteentzako gune estaliak (txiki-parka, gaztelekua, ludoteka...) behar direla esan du. "Guk errekurtsoak eta erramintak jarriko ditugu eurak garatzeko".
Maria Oñate, Porrujaiari buruz: "Eta Zabalarrako sukaldea noizko?"
Maria Oñate zerrendakideak, besteak beste, adierazi du Porrujaia egiteko EAJren proposamenarekin ados daudela, baina galdera bat egin die. "Zabalarra ikastetxeko sukaldea noizko?". Zabalarrako familiek egindako proiektu osoa udaletxean aurkeztuta dagoela gogoratu du. Eskoletarako ortuak ere aldarrikatu ditu.
Azkenik Oñatek programako proposamen bi azpimarratu ditu. Batetik, San Agustin eraikinean toki asko dagoela eta belaunaldi askotako herritarren bilgune bat sortu daitekeela adierazi du, musika taldeentzako entsegu lokalekin eta guzti. Bestetik, familientzako gune bat aldarrikatu du eta hori egiteko Muruetatorreko baserria proposatu du.