DRTk JAED elkartearentzat batutako 1.000 bat euro ostu dituzte bart

Joseba Derteano 2019ko mai. 17a, 11:37
Rugby Tag jardunaldietan batutako dirua herriko elkarte bati ematen dio DRTk. Irudietan iazko irudia.

Arripausuetako gimnasiora hiru-lau bider sartu direla diote Durango Rugby Taldeko kideek eta, hainbat bider eskatu arren, Durango Kirolak-ek ez duela neurririk hartu egoera konpontzeko.

Rugby zelaiaren ondoan dagoen gimnasiora lapurretan sartu ziren bart. Normalean han ez dute baliozko ezer izaten, baina oraingoan gimnasio barruko armairu batean gordeta zuten Errugby Tag jardunaldietan JAED elkartearentzat batutako dirua: 800 eta 1.000 euro artean. Udaltzaingoan salaketa jartzeko asmoa dutela azaldu diote DRTko ordezkariek ANBOTOri.

Ez da lehen aldia

Gimnasioko atzeko aldean —tenis pista aldetik— garaiera batean dauden leiho txikietatik sartu ziren. Leihoari kolpe bat emanda ireki zuten. Atzokoa ez da izan gimnasiora modu horretan sartu diren lehenengo aldia. Iazko irailetik hona hiru-lau bider sartu dira. Ildo horretatik, DRTko iturrien esanetan, Durango Kirolak erakundeari —azpiegituren arduraduna— hainbat bider eskatu diote neurriak hartzeko, baina momentuz egoerak berdin jarraitzen duela kexatu dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!