Hauteskundeak

Julian Rios: “Herritarren kezkak agenda politikoaren erdigunean jarri ditugu”

Joseba Derteano 2019ko mai. 10a, 20:53

Herriaren Eskubidea koalizioak hauteskunde kanpainari hasiera eman dio Andra Marian egindako ekitaldiarekin. Miguel Urban Podemos-eko europarlamentariak ere parte hartu du.

“Herritarren kezkak agenda politikoaren erdigunean jarri ditugu”, nabarmendu du Julian Riosek. Airearen kalitatea, 24 orduko pediatria zerbitzua eta nagusien auzo taxia jarri ditu adibide moduan, besteak beste. Tren estazioko proiektuari dagokionez, herri galdeketa aldarrikatu du. “Durangarrek orain erabaki gura dute. Data eta galdera behar ditugu”. EAJri “apaltasunez” jokatzeko eskatu dio eta PSE-EEri bere “sustraietara itzultzeko”.

Neskutz Rodriguezek ere hartu du hitza. “Durango berdea nahi dugu. Bizia duena, irekia dena, auzoen aldeko lana egiten duena. Durango feminista bat nahi dugu”, esan du.

Miguel Urban Europak hartu beharreko bideaz aritu da eta Durango adibide moduan jarri du: “Salviniren Europa beharrean, besarkadak emango dituen Europa gura dugu, Durangok denoi erakutsi digun moduan”.

Maria Oñate zerrendakideak eta Europako hauteskundeetarako hautagaia den Ana Gonzalezek ere berbaldiak eskaini dituzte. Herriaren Eskubidea Elkarrekin Podemos eta independienteekin batera aurkeztuko da hauteskundeetara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!