"Herri mailako koordinazio mahai bat sortu nahi dugu, eskualde osora zabalduko dena, poluzioaren kontrako ekintza-planak martxan jartzeko", esan du Ima Garrastatxu Durangoko EH Bilduren alkategaiak. Gainera, herritarrak, enpresak eta bertako langileak eta udaleko alde politiko eta teknikoa batuko dituen koordinazio mahaiak herritarrak "uneoro" kontaminazio neurri eta arazoei buruz informaturik egoteko balioko duela jakitera eman du EH Bilduko bozeramaileak.
Enpresekin batera, kotxeek sortzen duten kutsadura ere gai garrantzitsu bat dela adierazi dute EH Bilduko kideek, eta horregatik kotxeak herri barrura sartzea ekiditeko aparkaleku periferiko batzuk proposatzen dituzte Durangoko kanpoalde eta sarreretan.
Horrez gain, Durangoko mendi publikoak jasangarriak izan daitezen politika egokiak martxan jarriko dituztela eta errekei herrian duten presentzia eman asmoz erreka ertzak berreskuratu eta gune berdeak jarriko dituztela azaldu dute.