Hamar neurrien artean, nabarmentzekoa da kalitatea neurtzeko indize gogorragoak ezartzea proposatzen duela Durangaireak. Modu horretan, Durangaldea "kutsaduraren aurkako erreferente" bihurtu ahalko litzatekeela uste dute erkidego mailan. Horrez gainera, udalekin eta elkarteekin eskualdeko mahai bat sortzea eskatu dute. Industria arloan, enpresen zerrenda bat osatzea, eta horien ekintzak erregulatzeko ordenantzak garatzea da dekalogoko beste neurri bat.
Bestalde, herritarrak informatzeko eta euren iritzia ezagutzeko bideak zabaltzea ere eskatu du Durangaireak.