Mireia Elkoroiribe alkategaiaren arabera, bi fasetan garatuko lukete egitasmoa. Lehenik, instalazioa garbitu eta atonduko lukete, bertan aisialdirako eskaintza handitzeagaz batera. Bigarrenik, 2021etik aurrera birmoldaketa integrala etorriko litzateke. Izan ere, merkatuko postuen kontzesioak orduan amaituko dira eta uste dute une egokia izango dela aldaketa esanguratsuak egiteko. Etorkizuneko merkatu plazaren dinamizazioan Dendak Bai elkartea egotea nahi dute, plaza merkataritzari eta alde zaharrari ere bultzada emateko tresna lez ikusten baitute. Ume eta gazteen iritzia kontuan hartuko dutela dio Elkoroiribek. "Eurei galdetu barik ezin ditugu espazioak diseinatu".
Bestelako proposamenen artean, Ermodo kalea oinezkoentzako gune bihurtzea proposatu du EAJk. Auzoei begira, mugitzeko arazoak dituztenentzat minibus elektriko bat ezartzea da jeltzaleen ideia, anbulatoriora zein intereseko guneetara heldu ahal izateko. TAO zerbitzua herri osora hedatzeko asmoa dute, lau zonalde sortuta. Elkoroiriberen berbetan, Muruetatorre eta Landako inguruetako bizilagunek eskatu dute batez ere sistema hedatzea, aparkaleku arazoari aurre egiteko.
9 zinegotzi lortzeko esperantza
Elkoroiribek adierazi du hauteskundeetan 9 zinegotzi lortzeko esperantza dutela (gaur egun 8 ditu). Sara Ocejak hirigintza arloan egingo luke lan, Ager Sarduik kirolean eta euskaran, Josune Eskotak arlo juridikoan, Jon Sergiok kulturan, Joana de Iralak sustapen ekonomikoan, Malen Urkulluk ekintza sozialean, Ainhoa Ortuetak ogasunean eta Andoni Iruarrizagak jaien antolaketan.