Besarkada kolektiboaren forma hartuko du etzi Durangon egingo den mobilizazioak

Markel Onaindia 2019ko mai. 3a, 09:30

"Herrien, pertsonen eta giza eskubideen besarkada" lez aurkeztu dute. Munduko hainbat lekutan garatuko da domekako mobilizazio berezia, eta Euskal Herrian Durango izango da erdigune. Ezkurdin elkartu, eta 12:00etan mobilizazioari buruzko argipenak emango dituzte. Zortzi zutabetan banatu, eta 12:30ean abiatuko dira Landako Guneraino. Han besarkada kolektiboaren forma hartuko du mobilizazioak.

Zortzi zutabeak gaien arabera sailkatuko dituzte: migratzaileak eta euren aldeko elkarteak, feministak, euskara eta kultura, baserritarrak eta ekologistak, eskubide sozial eta sindikalak, pentsiodunak, eta memorialistak. Durangoko bonbardaketaren biktimak ere ordezkatuko ditu pertsona batek. Zutabeen hasieretan arloen ordezkariak joango dira, eta herritarrak atzetik sartuko dira, gaiari erreparatu barik.

Zutabeetan banatzeko eta amaieran besarkada bat irudikatzeko proposamena egin dutenez, 80 bat boluntario ibiliko dira lanean guztia antolatzeko, Durangoko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko Alaitz Berriozabalgoitiaren esanetan. Pozik agertu da jendeak emandako erantzunagaz. "Durangaldeko herri askotatik etorri dira batzarretara", esan du.

200 taldek baino gehiagok eta pertsona ezagun askok eman dute atxikimendua. Adibidez, Joseba Sarrionandiak, Garbiñe Biurrunek, Bernardo Atxagak, Maixabel Lasak, Kirmen Uribek, Gemma Zabaletak eta Anjel Lertxundik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!