“Europak kaiolatan sartutako animaliak bezala tratatzen ditu migratzaileak”

Markel Onaindia 2019ko mai. 3a, 09:30
Ezkerretik hasita, Mimenza, Arando eta Amesti. (Argazkia: Lehior Elorriaga)

Lanean jarraitzeko gogoz bueltatu dira Greziatik Libe Arando Azkoaga (1986), Ane Amesti Gaiastegi (1988) eta Libe Mimenza Castillo (1988) elorriarrak. Samos irlan egon dira. 5.000 migratzaile ez atzera ez aurrera daude han, Europara heldu arren ateak zarratuta topatu dituztelako. Mugak zabaltzeko eta elkartasuna sustatzeko asmoz jaio den Hemendik Harantz Durangaldea taldeko kide dira hirurak.

Zer sentsazio ekarri duzue Greziako esperientzia boluntariotik?
Libe Arando: Lana egiteko beharrizana dagoela eta jendea animatu behar dugula. Beharrizana aurrez aurre ikusi dugu.
Ane Amesti: Esperientzia positibotzat jotzen dut, baina boluntario falta itzela ikusi dugu. Ados nago Libegaz, jendeak beharrizana dauka. Badago materiala, baina lanerako eskuak falta dira.
Libe Mimenza: Europak kaiolatan sartutako animaliak bezala tratatzen ditu migratzaileak. Duintasunik bako egoeretara kondenatuta dituztela ikusi dugu.

Zergatik diozu kaiolena?
L.M.: Kanpamentuak Acnurrek eraikitako espazio batzuk dira, hesitutakoak. Han sartzen dituzte, baina ez dira eurekin arduratzen: ez diete ematen lo egiteko leku eroso bat, ez dutxarik, ez komunik, ez janaririk... Samos irlako gunea 500 pertsonarentzat dago eraikita, eta barruan 1.000 daudela kalkulatzen dugu. Beste 4.000 inguru oihana deitutako ondoko eremuan daude.
A.A.: Oihana deitzen dioten horretan ez dago ezer. Plastiko eta makilekin sortzen dituzte aterpeak, bakoitzak ahal duen moduan.
L.A.: Gobernuz kanpoko erakunde autogestionatuek hornitzen dituzte kanpalekuak.

Jendeak beharrizana dauka. Badago materiala, baina lanerako eskuak
falta dira”

Zelan eduki zenuten Greziako proiektuaren berri?
A.A.: Hemendik Harantz elkartea Arabako Errioxan jaio zen, 2015ean, herri mugimenduen eskutik. Gazte batzuek Greziarako karabana solidario bat egin zuten, eta erantzun ona eduki zuela ikusita, herri askotako jendea inplikatzen hasi zen, batez ere arropa bilketan zentratuta. Azaroan kide batek eta nik ezagutu genituen, eta ordutik hartu-emanetan ibili gara. Gure asmoa beste elkarte batzuekin elkarlana sustatzea da; egin dugun boluntariotza lanerako, Refugee For Refugees elkarteagaz batu ginen.
L.M.: Grezian Samos irlan egin dugu lan eurekin. Siriar errefuxiatu batek sortu zuen elkarte bat da. Sirian gidatzen zegoela, bonba bat jausi zitzaion eta hanka txarto zeukan. Hala ere, 14 kilometroko tartea egin zuen igerian. Bidean lagun bi galdu zituen. Alemaniara ailegatzea lortu zuen, baina gero Lesbosera bueltatu zen, proiektu hau abian jartzera. Batez ere arropa banaketa masibora dedikatzen dira, doako denda irekien bidez. Samosen aurten zabaldu dute denda, eta hara joan gara.

Zelakoa izan da eguneroko lana?
L.A.: Nekeza izan da, behar asko zegoelako, eta egunean 14 orduz ibili gara lanean. Hurrengo egunean etorri beharreko 200 bat andra eta haien seme-alabentzat materiala prestatu, gizonentzat hurrengo asterako tiketen banaketa egin, ume txikientzat paketeak egin...
L.M.: Goizean goiz elkartzen ginen, eta banaketa egin ostean bakoitza bere postura joaten zen. Hizkuntzen arabera eta itzultzaileen laguntzagaz jendeari arreta eman genion, eta bere beharren arabera arropa eskaini... Horrela, bazkalordura arte. Arratsaldean biltegietara joaten ginen normalean, gauzak sailkatzen, bilatzen, ordenatzen... Umeekin aktibitateak egin ahal izan ditugu pare bat bider, eta horrek arnasa apur bat eman digu.

Heltzen zirenak beldur handiagaz zetozen, eta inondik ere ez zuten gura Turkiara bueltatzerik”

Zuentzat, pertsonalki, zer suposatu du migratzaileekin egindako lan boluntario horrek?
L.A.: Badaude momentu gogorrak. Esaterako, arropa goitik behera behar duen 13 urteko ume bat ikusten duzu, uzkurtuta, zer eskatu ere ez dakiela. Baina indarra dute. Duintasuna merezi dute eta ezin duzu penatuta egon. Berdinak garela, anai-arrebak garela sentitzea lortu behar duzu.
L.M.: Bihotza 38.000 bider erdibitu zait egunean, eta uste dut denoi gertatu zaigula. Gehiago izan da erneguagatik. Gu pribilegiatu batzuk gara, baina nork diosku ez zaigula horrelakorik bizitzea gertatuko? Migratzaile izan ginen eta bihar igual berriro izango gara. Bestalde, geratu zaidan sentsazioa da sarritan interbentzioak karitate ikuspuntu batetik egiten direla, eta ez duela ezertarako ere balio. Hemen politikak behar dira, gauzak benetan aldatzea. Argi geratu behar da ere pertsona horiek ez direla errefuxiatuak, errefuxiatu izateko itxaroten daudenak baino. Gosaltzeko itxaroten dute, dutxa bat hartzeko, eskola hartzeko, medikuarenera joateko, euren asilo eskaera tramitatzeko... Itxarote horrek akabatzen ditu euren itxaropen guztiak.
A.A.: Norbere herrian kontzientziazio lan bat behar dela uste dut, jendeak gobernuei presio egin eta politikak aldatzeko. Bestela, karitatea izango da. Pertsonalki, esperientziak indar itzela eman dit, eta hemen lan egiten jarraitzeko gogotsu etorri naiz.

Migratzaileen krisia azaleratu zenean, ateak zabalik zeudela zirudien. Baina itxaroten daude, Grezian, Italian...
L.M.: Europak ateak itxi ditu, eta lotsagarriak diren kuotak ere ez ditu betetzen. Beldurraren politika zabaldu du, eta hor dago ultraeskuinaren igoera. Mugak zabalduta gure ongizatea galduko dugula diote. Baina beherakada demografikoa izan dugu, eta pertsona berriak behar ditugu gure herrialdeetan. Bestalde, Europak espoliazioa amaitu behar du errefuxiatuen jatorrizko herrietan.
L.A.: Greziari lagundu beharrean, Turkia armaz hornitzen dabil orain Europa, eta salagarria da. Heltzen zirenak beldur handiagaz zetozen, eta inondik ere ez zuten gura Turkiara bueltatzerik.

Aurrera begira, Lesbosen lanean dabilen Zaporeak taldeagaz elkarlanean janari bilketa hasi duzue.
A.A.: Maiatzaren 10era bitartean Elorrioko, Abadiñoko eta Iurretako eskoletan egingo da bilketa. Hilaren 9an, 10ean eta 11n kalean ere egongo gara, Elorrion eta Abadiñon. Hazi luzeko arroza, pasta, dilistak, garbantzuak, babarrunak, arrain kontserbak eta olioa batuko ditugu. Gero, Zaporeak taldeak Arrigorriagan duen biltegira eramango dugu, eurek Greziara garraiatzeko. Bestalde, ekainaren 8an jaialdi bat egingo dugu Elorrion. Goizean, Hemendik Harantzegaz elkarlanean dabiltzan elkarteak mahai-inguru batera gonbidatuko ditugu. Gauean kontzertuak egongo dira.
L.M.: Hemendik Harantz Durangaldea talde sortu berria da, eta jendea batzera animatzen dugu, Durangalde osoan sarean lan egitera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!