Estazioko lurretan 'Martxoaren 31 parkea' deituriko berdegunea egitea proposatu du Durangoko EH Bilduk

Joseba Derteano 2019ko mar. 29a, 19:48

Izen hori aukeratu dute Durangoren historian “bereziki garrantzitsua eta sinbolikoa” izan den data oroitzen duelako.

Durangoko EH Bildutik “babes osoa” adierazi diote Erabaki plataformatik deituta gaur arratsaldean egin den manifestazioari eta aurrera begirako bide-orri bat proposatu dute tren geltokiko lurretarako. Alde batetik, obrak “berehala” gelditzeko eskatu dute, “2019ko urtarrileko udalbatzan gehiengoz onartu zen bezala”. Ostean, herri galdeketa “ahal den eta azkarren” egitea eta galdeketaren inguruan “eztabaida publiko bat” abiatzea proposatu dute ohar batean.

Lur horietan 'Martxoaren 31 parkea' izeneko berdegunea egitea bultzatuko eta defendatuko dutela aurreratu dute. Izen hori aukeratu dute Durangoren historian “bereziki garrantzitsua eta sinbolikoa” izan den data oroitzen duelako. "1937 urteko egun berean faxistek eragindako sarraskiak utzitako hildakoek, zaurituek eta euren familiarrek merezi duten omenaldirik onena da", gehitu dute.

Ekipamenduekin hornitua

Berdegunea ekipamenduekin hornitzea proposatu dute: “Adin guztietako jendearentzat pentsatutako erabilera anitzeko ekipamenduak kokatzea proposatzen dugu, besteak beste, umeentzako jolasak, gazteentzako kirol jokalekuak eta nagusientzako gimnasia makinak”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!