Durangoko galdeketa

Erabaki plataformak manifestaziora deitu du, galdeketaren eskaria kaleetan zabaltzeko

Markel Onaindia 2019ko mar. 25a, 19:15

Erabakiko zenbait kidek prentsaurrekoa eskaini dute gaur estazioko eremuan, barikurako manifestazio bat antolatu dutela iragartzeko. Galdeketaren harira egingo den lehen mobilizazio handia izango da. 19:00etan hasiko da Andra Marian.

Iaz sortu zenetik, estazioko planari buruz galdeketa eskatzen ibili da Erabaki plataforma, eta galdeketa bera gauzatu ahal izateko 3.000 sinadura inguru batu zituen. Udalak tramitera onartu du kontsulta egitea, eta batzorde berezi bat martxan ipini duen arren, oraindik ez dago galdeketarako datarik. Gainera, estazioko planagaz aurrera darrai, udalbatzak obrak etetea onartu zuen arren. Erabaki plataformatik salatu izan dute euren ustez "galdeketa atzeratzeko" asmoa duela udal gobernuak. "Hilabeteak pasa arren ez dugu ikusten galdeketak aurrera egiten duenik. Oztopoek, aldiz, bai. Legean edozein zirrikitu erabiltzen ari dira prozesua geldiarazteko orduan", esan dute gaurko prentsaurrekoan. Udalarentzat parte-hartzea "hitz hutsa besterik ez dela" begitantzen zaie. "Nahiz eta herritarrek parte-hartzea eskatu duten, iluntasuna, erdi-egiak, amarru legalak eta 20 minutuko batzordeak besterik ez dizkigu ekarri herrian inoiz izan den obrarik handienak".

Horrela, kalera irteteko beharra ikusi dute plataforma osatzen dutenek, eta mobilizaziorako deia egin dute. Herritarrak manifestaziora batzera gonbidatu dituzte. "Sortutako ezinegona agerian jarri eta herritarrok erakundeekiko harturmanean ditugun eskubideak kaleetan aldarrikatzeko unea heldu da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!