'Heriotza Bikoitza' eta Karrikaren 'Work in progress' aurkeztuko dituzte Lekeitikoko Ertzak jaialdian

Aritz Maldonado 2019ko mar. 30a, 09:00

Asteburuan Ertzak antzerki topaketa izango da Lekeition; euskal eszenarentzat leiho bat izan gura du.

 

Euskal Herri osotik etorritako talde eta bakarlarien erakusleiho izango da Lekeitio asteburuan. Zazpi antzerki obra, tailer bi eta mahai-inguru bat aurkeztuko dituzte. Antzerki taldeen sarea eraikitzen hasteko lehenbiziko urratsa izatea gura dute antolatzaileek.

Durangaldetik eskaintza bi eramango dituzte topaketetara, gaur. 22:00etan, Ikusgarri aretoan, Eneko Sagardoy protagonista duen Heriotza Bikoitza antzezlana egongo da ikusgai. Ze Onda antzerki konpainiaren lana ikusteko azken aukera izango da gainera. Sagardoy eta Miren Gaztañaga dira heriotzaz, iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzo den antzezlan honetako protagonistak. I

Enbrioia konpartitzen
Aurretik, 18:45ean, Karrika antzerki taldeak bere ibilbideko erronka nagusietako baten berri emango du Barandiaran aretoan. Jose Martin Urrutia Txotxe hil ostean lantzen ari diren lehen ikuskizunaren enbrioia aurkeztuko dute publikoaren aurrean. Sorkuntza kolektiboan, gizartean izaten diren estereotipoen, etiketen eta heteroarauen inguruan mintzatzen dira obran. Oraindik ez du izenbururik lan horrek, eta Lekeitiokoa hogei minutuko aurrerapena izango da. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!