Zelan gogoratzen duzu martxoaren 31ko Durangoko bonbardaketa?
Bederatzi urte nituen. Gu San Faustoko baserri batean bizi ginen. Etxean geunden eta hegazkinen zarata entzun genuen. Run run run. Burrundara handia ateratzen zuten. Enborrekin estalitako zanga bat eginda genuen, eta hantxe babestu ginen bonbardaketatik. Nahikoa denbora pasatu genuen han, hegazkinak joan eta isiltasuna nagusitu arte. Oso baxu zebiltzan hegazkinak. Teilatuetatik oso hurbil zebiltzala ikusi genuen.
Hegazkinak agertu zirenean, pentsatu zenuten horrelako zer edo zer gerta zitekeela?
Bagenekien bonbekin zetozela, hori komentatzen baitzen. Otxandiokoa aurretik gertatu zen eta.
" Bagenekien bonbekin zetozela, hori komentatzen baitzen. Otxandiokoa aurretik gertatu zen eta"
Txikia zinen arren, gogoratzen duzu zer sentitu zenuen?
Beldurgarria izan zen.
Behin bonbardaketa amaituta, zer egin zenuten?
Ezkutatu ginen zanga oso gertu zegoen etxetik, eta berehala sartu ginen etxean.
Zelan gogoratzen duzu gerra?
Gogoan dut soldaduak baserriaren ondoan kanpatzen zirela. Atartean ere sartzen zitzaizkigun.
Eta gerraostea?
Gogorra izan zen, baina gurasoek gehiago bizi izan zuten hori, gu umeak ginen eta. Guri ez zitzaigun janaririk falta izan, baserrian bizi izanda irina geneukalako; baita ortuko jeneroa ere. Baina jendeak gosea pasatu zuen.
Martxoaren 31n lore eskaintza egingo duzu.
Harrituta gelditu nintzen. Idoia ilobak abestu egingo duenez, babes horregaz joanda baiezkoa eman dut. Emozionantea izango da.
"Gogoan dut soldaduak baserriaren ondoan kanpatzen zirela. Atartean ere sartzen zitzaizkigun"
Hil edo zauritu zitzaizuen ingurukoren bat bonbardaketan?
Gure familian, ez, baina atzeko baserrian zauritu bat egon zen. Solauneko Raimunda metrailagaz zauritu zuten, hanketan.
Urte askoan ez da berbarik egin bonbardaketari buruz. Zuen etxean ere isiltasun hori nabaritu duzu?
Nire familian ez zen horretaz berba egiten, ezta gerrari buruz ere. Gertatu egin zen, eta han gelditu zen.