Durangoko Familiak taldeak ezezkoa eman dio lokal bat alokatzeko udalaren eskaintzari

Markel Onaindia 2019ko mar. 11a, 09:27

Elkarteak 2017an egindako aurkezpena, San Agustinen.

Otsaila, martxoa eta apirilerako, ludoteka lez funtzionatzeko lokal bat alokatzeko proposamena egin zion otsailean udalak familien elkarteari. Baina, elkarteak ez du begi onez ikusten hainbat arrazoirengatik. "Proiektu labur" bategatik ez doazela egindako lana arriskuan jartzera ohartarazi dute.

Familiek prentsa oharrean esan dute "diru publikoaren xahutze" horrek ez lukeela arazoa konponduko, apirilera artekoa delako. Gainera, udalaren ideiaren arabera, Durangoko Familiak izango litzateke instalazioa egin eta zerbitzuaren ardura edukiko lukeena; ondorioz, martxan jarri arte denbora pasako zela uste dute. Aparte, programazio bat beharrezko dela diote, eguenetan euren kabuz Pinondon antolatzen duten ludotekaren esperientzian oinarrituta. Eguenetako egitasmo horrek antolatzaileei "kostu pertsonala" ekarri diela, eta udalaren proposamenagaz handitu egingo litzatekeela ohartarazi dute.

Bestalde, udalak "erabilera politikoa" egin nahi duela begitantzen zaie. "Proposamen horrek hauteskundeetarako etekin politikoa helburu duela uste dugu, arazoari benetako soluzio bat ematea barik". Gainera, martxan jarri eta ondo aterako ez balitz, ludoteka baten beharrizana ukatzeko arriskua ikusten dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!