Aitziber Irigoras alkateak galdeketaren gaia jorratzeko batzorde berezi bat sortzea proposatu du EAJ eta PSE-EEren gobernu taldearen izenean. Batzorde horrek izango du galdeketaren prozesua gauzatzeko ardura. Martitzeneko osoko bilkuran onartu, eta horren ostean hasiko da batzordea lanean. Galdeketarako data ezartzeko 3 hile eta urtebeteko epea edukiko du. Irigorasek azaldu du bere ustez batzorde horretan aholkularitza juridikoa jaso behar dela, eta Basaurin eginiko kontsultaren esperientzia zuzenean ezagutu ere bai, hango ordezkariak batzordera gonbidatuta. Erabakiko bi edo hiru kide ere egongo dira batzordearen osaketan, zinegotziekin batera.
EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak aurka bozkatu dute, eta PP abstenitu egin da. Dani Maezturen iritziz, "prozesua atzeratu" egingo du batzorde horren sorrerak. "Argi dugu, hemen, kontsulta egin nahi ez duten alderdiak daudela", esan du gobernuari erreferentzia eginez. Hobe ikusten du data eta galdera orain zehaztea, eta gero udalak lan logistikoa aurrera eramatea. Jorge Varelak ere ildo beretik berba egin du. Gainera, estazioko proiektua etetea eskatu du, ez baizaio ulergarria egiten galdeketa obra martxan dagoela egitea.
"Atzerapena, nahita"
Erabaki taldeko Bego Larrañaga "harrituta" agertu da, udalak orain arte ez duelako galdeketari buruzko batzar hau egin, "kalean gai garrantzitsua denean". Bere kide Unai Vallek esan du batzordea duela hilebete egin zitekeela, eta obra gelditzearen balizko eragin ekonomikoei buruzko txostena egin barik egotea ere ez du ulertzen. "Atzerapena dago, eta uste dugu nahita dela", kritikatu du. Bestalde, Erabakik proposatutako galdera errespetatu dadila eskatu dute, proiektua gelditu eta herritarrei galdetzea eskatzen duena.
Oposizioak bezala, galdeketa egin bitartean plana etetea eskatu du Erabakik ere. Irigorasek azaldu du etete horreri eta suposatuko lukeenari buruzko txosten bat eskatuko duela.