Alokairuan bizi diren gazte durangarrek diru-laguntza eskatu ahal dute udaletxean

Markel Onaindia 2019ko urt. 22a, 08:30

Urtarrilaren 30era arteko epea eman du udalak diru-laguntzak eskatzeko. 2018an alokairuan bizi izan diren gazteek edukiko dute laguntzarako aukera. 

"Gazteen emantzipazio prozesuan laguntzeko" asmoz eskaintzen ditu partida hauek udalak, urtero. Eskaera egiteko baldintzak www.durango.eus/dirulaguntzak webgunean daude ikusgai, eta zalantzarik edukiz gero, HAZen edota gazteria@durango.eus helbidean galdetu ahal dela esan dute udaleko ordezkariek. 

Udalak 65.000 euroko diru partida gorde du gazteen eskariari aurre egiteko. Etxebizitza eskubidearen gaia jorratzen duen Zabalduko Ditugu taldearen arabera, 2008an 75.000 euro bideratzen ziren gazteen alokairura, eta hori murriztu izana kritikatu dute gazteek. Urtea amaitu arte laguntzen berri ez izatea ere ez dute begi onez ikusten. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak sortutako Gaztelagun programa "pozez hartzekoa" dela iritzi arren, bertan etxeen gehienezko alokairua 650 eurokoa dela diote, eta Durangon batazbeste 700 eurokoa denez, programa ez dela herrira "moldatzen" uste dute gazteek. "Gazteen beharrei erantzungo dieten benetako neurriak" eskatu dizkiote udalari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!