Gaur gazte alokairuko 6 etxe adjudikatu ostean, uda aurretik beste 5 etxe emateko asmoa dute Durangon

Markel Onaindia 2019ko urt. 8a, 12:58

Gazteei bideratuta dauden babeseko alokairuko lehen etxeak eman ditu gaur Durangoko Udalak. 22 lagunen artean zozketa egin behar izan dute, eta zortea eduki duten 6ek otsailaren 1ean jasoko dituzte giltzak. Uda aurretik beste 5 etxe esleitzea da udalaren helburua. Guztira, Faustegoienako babeseko 118 etxeetatik 16 izango dira gazte alokairurako.

34 gaztek eman zuten izena, eta horietatik 22 sartu dira gaurko zozketan -beste 12ak baldintzak ez betetzeagatik edo dokumentuak berandu aurkezteagatik utzi dituzte kanpoan-. Eskatzaile batzuk zozketako ekitaldian egon dira, eta euretatik bakarrak eduki du zortea. Julen de Carlos izeneko 28 urteko gaztea izan da, eta adierazi du etxe honi esker gurasoen etxetik emantzipatzea lortuko duela. "Ekimen ona iruditu zait, gaur egun alokairuan bizitzea kasik inposiblea baita". Bere bikotekideagaz batera biziko da Faustegoienako etxe berrian, eta hilean 170 bat euro ordaintzea espero du. 

Aitziber Irigoras alkateak aurkeztu du zozketaren ekitaldia, eta eskerrak eman dizkie bertaratutakoei. Pilar Rios alkateordeak esan du pozik daudela, alokairuko etxeen ekimen hau "errealitate" bihurtuko delako. "Laster" beste 5 etxe banatuko direla ere iragarri du. 

Beste 5 etxe, lau hile barru
Udaleko idazkariak gidatu du zozketa, eta bere arabera hurrengo 5 etxeak gutxi gorabehera lau hile barru adjudikatzea aurreikusten dute. Urtarrilean jasoko ditu udalak etxe horiek, eta sukaldea hornitzeko zein prozedura administratiboa osatzeko lau bat hile beharko direla azaldu du. Orduan, beste zozketa bat egingo dute; gaurko zerrendan zeudenak kontuan hartuko dituzte, eta eskatzaile berriek ere parte hartzeko aukera edukiko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!