“Etxean ez ziguten transmititu gerra sasoian familian gertatu zen guztia”

Jone Guenetxea 2018ko aza. 9a, 13:55
Argazkia: Lehior Elorriaga

Libertad zuen izena. Hala ere, Maite Ibarraren inguruko gutxik dute honen berri. Aita fusilatuta hil zen. Ama Frantziara joan zen bi seme-alabekin, gerratik ihesi. Maite eta bere neba Jose Luis Atxondora etorri ziren, aitita-amamen etxera, ama erbestean larriki gaixorik utzita. Martzaan berehala aldatu zioten izena, beldurraren beldurrez. Harrezkero, isiltasuna nagusitu zen familian. Hurrengo belaunaldiek, baina, familiaren historia berreskuratzeari ekin diote. Iñaki Garaita Ibarra semeak (Durango, 1961) eta Katalin Garaita Zurikarai ilobak (Durango, 1996) familiaren historiaz jardun dute ANBOTOn.

Zuen familian zelan transmititu dute gerra sasoian gertatutakoa?
Iñaki Garaita: Beste etxe askotan lez, gai honen inguruan ez da berbarik egin. Gerra sasoian familian gertatu zen guztia eta horrek amarengan izan zuen eragina ez ziguten transmititu. Haiek oso nagusiak izan arte ez gara kontziente izan. Beldur handia pasatu zuten. Amaren aita, Juan Ibarra, fusilatu egin zuten. Bere aita ere hil egin zuten, Bitaño inguruan. Juanen neba-arrebek ere asko sufritu zuten. Bizipen hauen guztien eraginez, txikiak zirela ama eta osaba Frantziatik Martzaara [Atxondo] aititaren etxera bizitzera etorri zirenean ez zieten gauza handirik kontatu. Ia ezer ere ez zekiten gertatutakoaz.

Zuek zelan aztertu duzue familiaren historia?
I.G.: Aitita Juanek Eibarren lan egiten zuen eta jende askok ezagutzen zuen. Osaba Jose Luisek nagusiagotan pertsona haiekin berba egin zuen eta historia ezagutzen hasi zen. Beraz, ikertutakoagatik zekien zekiena, ez familiakoek esanda. Nik neuk osabagaz orain 10-15 urte ingurura arte ez nuen gai honetaz berbarik egin.

Noiz hasi zineten familiaren historia ikertzen?
I.G.: 1990ean nire aita hil zenean hasi nintzen ikertzen. Sasoi hartan amari esan zioten alargun geldituta zurztasun pentsioa zegokiola. Horretarako, bere aita fusilatuta izan zela frogatzen zuten paperak behar genituen. Aitita Juanen espediente militarra ikustea lortu nuen. Heriotza sententzia ikusi nuen, baita kartzelaz kartzela egin behar izan zuen ibilbidea ere. Hortik abiatuta, osabagaz berari kontatu ziotenaz berba egiten hasi nintzen.

Ikerketa zaila izan zen?
I.G. : Zorte handia izan nuen. Aitita Burgosen fusilatu zuten eta hara joan nintzen. Kartzelako artxiboan sartu ginen, baina ez genuen dokumenturik aurkitu. ‘I’ letra falta zela erantzun zidaten, beraz, Ibarra ez zegoen han. Esan zidaten Bilboko artxibo militarrera joateko, eta hantxe aurkitu nuen. Kapitain bati zer gura nuen azaldu nion, eta momentu horretan bertan aititaren espedientea atera zidan.

Espediente horretan zer aurkitu zenuen?
I.G. : Guardia Zibilaren telegramak daude, zelan ihes egin zuen eta non aurkitu zuten azaltzen dutenak. Pelikula bat egiteko moduko dokumentuak dira.

Paper horien arabera, nolakoa izan zen Juanen bizitza?
I.G. : Deabrua ematen zuen, oso gorria eta oso arriskutsua. 1934an heriotzara kondenatu zuten, baina libratu egin zen. Baten bat hiltzea leporatzen zioten, baina ez zegoen frogarik. Azkenean, gerrara joan zen eta Amuategi batailoiko kapitaina izan zen. Harrapatu, eta fusilatu egin zuten.

Juanen emazteak, Isabelek, zelan eraman zuen egoera hori?
I.G. : Artekalen bizi ziren, Hitz liburu-denda zaharra zegoen lokalaren gainean. Osaba Jose Luis 1932an jaio zen eta nire ama 1933an. Sasoi hartan, aitita oso markatuta zegoen politikoki. Gerratik ihesi, amama Tolosara (Frantzia) joan zen ume biekin. Aititaren arreba bat han zegoen. Isabel gaixotu egin zen, oso larri. Isabelen gurasoek nire ama eta osaba erreklamatu zituzten eta Frantziatik Atxondora etorri ziren bizitzera, Martzaara. Umeak hemen zeudela eta ama Tolosan, gaixorik, ia ez zuten kontakturik eduki. Osabak kontatzen du Martzaan jaunartzea egin zutenean argazkia bidali ziotela amari, postaz. Antza denez, gutunak gurutzatu egin ziren bidean, izan ere, berehala jaso zuten ama hil zela zioen gutuna.

Katalin, zuk familian zelan bizi izan duzu historia honen inguruan izandako isiltasuna?
Katalin Garaita: Aitak esandako moduan, familian ez dugu gauza askorik jakin. Durango 1936 elkartean parte hartzen hasi zen aita, eta gauzak argitzen hasi ziren. Aita hor sartu ez balitz, ez genuen ezer jakingo. Orain egiten ari diren memoria bilketari esker dakigu dena.

Katalin, amama Maiteri galdetu izan diozu?
K.G. : Nik ez diot galdetu, baina nire nebak bai. Orain damutzen naiz bizi izan zuenaz gehiago galdetu ez izanaz. Gu jaio ginenean gerra pasatuta zegoen, eta amamaren komentario asko ez genituen aintzat hartzen. “Zuek gerra bizi izan bazenute”, esaten zuen. Orain, bizi izan duena ezagututa, beste ikuspuntu bat dut.

‘durango1936.org’ webgunean orain dela urte batzuk Maite eta Jose Luis neba-arrebei egindako elkarrizketa entzungai dago. Umetan Martzaara itzuli zenean sarnagaz bueltatu zela azaltzen du Jose Luisek.
I.G.: Grabazioa egiten ari ginen unean enteratu nintzen horretaz, baita beste kontu batez ere. Osabak azaltzen duenez, Martzaara etortzerakoan aititak ez zuenez ezagutzen, hankan zuen orban bati begiratu zion bera zela ziurtatzeko.

Maiteri izena aldatu zioten. Libertad zuen izena.
I.G.: Bai, Atxondora itzuli arte Libertad zen. Aitita-amamek beldur handia zuten eta Mari Tere jarri zioten. Jose Luis nebak 8-9 urte izango zituen, eta Libertad deitzen jarraitzen zion, aititak kargu hartu zion arte. Gurean, Mari Tere barik, Maite deitzen diogu. Osabari Progreso izena jarri gura zioten. Jose Luis aititak bere izena jartzeko konbentzitu zituen.

Katalin, Durango 1936 elkarteak kaleratu berri duen aldizkarian amama Maiteri idatzitako testu bat agertzen da. Zaila izan da idaztea?
K.G.: Garrantzia eman gura zioten gerran emakumeek jasandako guztiari, eta horregatik eskatu zidaten amamaren historia kontatzeko. Emakumeei gerran borrokatu zutena eskertu gura genien.  

Zuen familiako emakumeek asko sufritu eta borrokatu zuten.
I.G.: Nire aititaren familian, lau neba-arreba ziren, gizon bi eta emakume bi. Gizon biak fusilatuta hil ziren. Andresa 14 hilabetez Ondarretako kartzelan egon zen. Pakitari buruz gutxi dakigu. Heldu zaigunez, miliziar jantzita ikusi zuten, eta erbestera joan zen. Beraz, gure familian emakumeek oso gaizki pasatu zuten, eta besteak adina borrokatu ziren.

Zuek familian egin duzuen lanketa Durango 1936 elkarteak kolektiboki egiten dihardu. Gerra sasoiko hamaika testigantza jaso dituzue.
I.G.: Gurea historia bat gehiago da, beste hainbaten artean. Durangon ehun elkarrizketa inguru jaso ditugu dagoeneko. Bizitako sufrimendu hori ikusarazteko sortu genuen elkartea. Badakigu familia askoz gehiago egon behar direla, baina jende asko dago honetaz berbarik egin gura ez duena. Elkartean batzen garen bakoitzean konturatzen gara berandu heldu garela. Hamar urte lehenago hasi bagina memoria historikoa berreskuratzen… Baina hurrengo belaunaldiek transmititutakoa jakin dezakegu.

Zergatik horrelako isiltasuna, bereziki Durangon?
Alde guztietan gertatu da. Durangon zergatik? Durango oso herri karlista izan da, eta ideia batzuk erakustea arriskutsua zen. Beldur hori barneratzen joan dira pertsonak eta familiak. Amaren aldetik beti sentitu dut gerraren inguruko isiltasun hori gu babesteko modu bat zela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!