"Isilarazitakoen ahotsa" transmititzeko aldizkaria banatuko dute Agurrik Gabeak omenaldian

Jone Guenetxea 2018ko aza. 6a, 13:12

Borrokalari antifaxisten omenaldian 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertakariak gogoan izango dituzte, domekan, Plateruenean.

Durango 1936 kultur elkarteak, memoriaren transmisioan eragin guran, aldizkaria kaleratu du. durango1936.org webgunean urteetan bildutako memoriaren ondarea ezagutzera ematea da urtekari honen helburua. Patxi Zurikarairi buruzko erreportajeaz gain, Antonio Cabello, Juan Mari Eskubi, Uri Ruiz eta Jimi Jimenez elkarrizketatu dituzte.
 Kolaborazioen artean, Joseba Sarrionandiaren hiru poema daude, horietako bi aurretik argitaratu bakoak. Poesia lana Irati Egurenek ilustratu du. Maria Gonzalez Gorosarri kazetariak, ostera, Emakumeak preso: konpromiso politikoa ukatu gura izan zieten artikulua idatzi du. Gerediagako Jon Irazabalek eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak borobiltzen dute kolaboratzaileen zerrenda. Aldizkariaren koordinazioa Unai Iturriagak egin du, eta argazkiak Zaloa Fuertesek.

Agurrik Gabeak
Borrokalari antifaxisten omenez duela hamaika urtetik elkarteak antolatzen duen Agurrik Gabeak omenaldiak 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertakariak izango ditu gogoan, domekan, Plateruenean, 18:00etan. Horretarako, ikus-entzunezko bat proiektatzeaz gain, Imanol Olaberria langilearen testigantza bertan entzuteko aukera izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!