MTV Music Week ekitaldiak Durangora 5.500 pertsona ekarriko dituela aurreikusten du udalak, hori dela eta, ezohiko segurtasun neurriak hartu dituzte. Landako Gunearen azpiko aparkalekua itxita egongo da martitzen osoan zehar, adibidez. Landakotik Muruetatorrerako sarbidea, ostera, moztuta egongo da 12:00ak eta 00:00ak bitartean. Gainera, Euskotrenek eta Bizkaibusek beraien zerbitzuak indartuko dituzte.
Guneak 17:00etan irekiko ditu ateak, eta lehenbiziko kontzertua Aneguria bilbotarrarena izango da, 18:30ean. Brisa Fenoyren emanaldia 19:30ean hasiko da. 20:45ean, ostera, Nathy Pelusoren txanda izango da. Gaua borobiltzeko, Mala Rodriguezek eskainiko du kontzertua, 22:15etatik aurrera.
Ernairen protesta ekimena
Zeresana ematen ari da MTVk Euskal Herrian antolatu duen ekimenak. Durangon, adibidez, protesta gisara hainbat mural ezarri dituzte Landako Gunean. Gazte erakundearentzat, MTV "klasista, sexista eta inperialista" da, eta antolatzaileei "alfonbra gorria" jartzea leporatu dio Durangoko Udalari.