“Zentsurarik ez dagoen bitartean, edozein lekutan abestu dezaket, naizen bezala agertu naitekeelako”

Aritz Maldonado 2018ko urr. 26a, 13:41

Geldi egoten ez dakien artista da Aneguria bilbotarra. 2018an lan bi kaleratu ditu eta hamaika kontzertu eskaintzen ari da horiek aurkezteko; horietako bi urrian, Durangon. Lehena, joan den astean, Durangoko txosnagunean. Urriaren 30ean MTV Music Week ekimenean parte hartuko du, Mala Rodriguezegaz, besteak beste. Zeresana eman du ekimen honen antolaketak eta Aneguriaren parte hartzeak.

Zelan joan zen jaietako kontzertua?
Oso ondo pasatu genuen eta oso giro polita egon zen. Bideo irudiak proiektatzeko aukera eduki genuen eta bikain geratu zela uste dut; giro berezia sortzen lagundu zuen. Nire disko denetako kantuak jo nituen.

'Percebe Dena Edo Ezebez' da zure azkeneko lana. Zer aurkituko du bertan entzuleak?
Soinu propioa bilatzeko lanean nabil batez ere, eta hori islatu gura izan dut disko horretan. Kalitatezko musika ere eskaini gura nuen. Oraingoan ikaragarri harritu naiz nahasketekin. Abestien erdietan doinu elektronikoak jorratzen dituen ekoizle bategaz lan egiteko aukera eduki dut, Edu Ostosegaz; besteetan, doinu komertzialagoekin lan egiten duen ekoizle bategaz egin dut lan, Ikkigaz. Ezagun dute itzelean maite eta zaintzen dutela soinua. Asko ikasi dut.

Zer dela-eta aukeraketa hori?
Ostosen piezak, adibidez, egundoko esperientzia sonoroa direla iruditzen zait, izan ere, hiru dimentsiotan dago soinua; bozgorailu onak edukiz gero, sekulako esperientzia da. Niri dantzarako musika egitea gustatzen zait eta zuzeneko indartsu eta dantzagarriak lortzea da nire erronka. Uste dut, bide horretan zuzen ari naizela.

Dantza egiteko proposamena eskaini gura nuen, eta, zentzu horretan, lortu dudala uste dut. Hala ere, esango nuke erdibidean geratu naizela diskoagaz. Epe baten barruan kaleratu behar nuen, eta horrek baldintzatu egin nau. Ahotsak bikoiztea gura nuen, eta koroak ere gehiago lantzea. Banden Lehia irabazi, eta sei hilabeteko epea nuela esan zidaten. Horrez gainera, beste diskoan ere banenbilen lanean, nire kontura. Beste modu batera lan egitea gustatzen zait, gurago dut gauzak beste era batera egin. Dena den, kalitatezko lana dela iruditzen zait, soinuari begira, batez ere. Esperimentu ederra izan da.

Abesterakoan, gaztelania eta euskara tartekatzen dituzu. Zeren arabera egiten duzu aukeraketa?
Instrumentala entzuterakoan pizten zaidan sentimenduaren arabera idazten dut. Erritmoak, melodiak eta sentimenduak aukeratzen dute hizkuntza bat edo bestea. Euskaraz inprobisatzen dut rapean edota reggaean, hori egiten duen emakume bakarretakoa naizela uste dut. Urduri jartzean bapateko hori euskaraz irteten zaidalako da.

Disko honetan, adibidez, lehenbiziko hiru abestiek bidaia bat kontatzen dute. Lehenbiziko abestian, hilabete bi daramatzat musikarik egin barik, eta berriro hasi naiz gustukoen dudana egiten. Sentsazio hori irudikatu gura izan dut, berriro maite duzun zerbait egiten duzunean pizten den hori. Bigarrenean, ostera, liatu osteko azkeneko after hour hori irudikatu gura izan dut. Hirugarrenak, Hostias Como Panesek, abestitzar komertzial bat egiteko instrumental bat zekarren; aproposa zen horretarako, baina barruak eskatzen zidan emakumeon egoerari buruz idaztea. Biolentzia handia sufritu dut nik, Banden Lehian bertan, adibidez. Abesten nengoela, gizon bat oholtzara igo eta hantxe geratu zen kontzertu osoan. Ez zuen hori beste taldeekin egin.Gizonezkoak zirelako suposatzen dut; emakume bakarraren kontzertuan egin zuen. Horrelakoetan, kolpeak banatzeko gogoa sartzen zait, eta pentsatzen dut: zergatik jarri behar naiz ni biolento? Sentimendu hori abestiaren bidez islatu gura izan nuen.

Bateragarria iruditzen zaizu herri mugimenduak antolaturiko jai batean eta MTVren ekimen batean jotzea?
Zentsurarik barik komunikatu badezaket, edozein dela ere testuingurua, zergatik ez dut joko? Imajinatu jai batzorde batean ez didatela uzten gaztelaniaz abesten. Edo egun more batean, gizonezkorik barik jo behar dudala. Zentsurarik ez dagoen bitartean, edozein lekutan abestu dezaket, naizen bezala agertu naitekeelako. Formatuak ez dit hainbeste axola. Plaza guztietan egon behar dudala uste dut. Zentsurarik gabeko espazioetan egongo naiz eta ez diot inon utziko baldintza duinak eskatzeari. Leku batean zein beste batean egon, ez dut jarrera aldatuko. Eta noan lekura noala, baldintza duinak eskatuko ditut. Horiek, zoritxarrez, ez dira ez batean ez bestean ematen. Nire zoritxarrerako, borroka konstante batean bizi naiz. Datorren urterako, nire helburua borrokarako espaziotik irten eta plazeraren espaziora itzultzea da, kokoteraino nago-eta beti horrela

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!