Iazkoaren ostean, nork esango zizun urtebete geroago Europako txapeldun izango zinela.
Orduan ez nuen pentsatuko! Momentuan neure buruari esan nion: “Kito, ez dut Europako txapelketa gehiagotan lehiatuko. Zertarako ibili…”. Baina handik hilabetera berriro piztu zitzaidan gogo hori. Aurten ere, maiatzean txapelketara joateko deitu zidatenean, ez dut uste beharrezko maila hori nuenik. Harrezkero egindako entrenamenduetan lortu dut maila.
Nagusietan zilarrezko domina gertu geratu zitzaizun Ibizan jokatutako txapelketan. Zelakoak izan ziren azken kilometroak?
Bizikletako tartea amaitu genuenean duatleta bat aurretik zihoan eta taldetxo bat hari jarraika. Trantsizioan, zapatilak janzten, trabatu egin nintzen. Askotan gertatzen zait. Segundo batzuk galdu nituen. Korrika, aurretik nituen batzuk gainditu eta bigarrena harrapatu nuen. Kilometro biren faltan bizitu egin nuen erritmoa, bera nekatuta ikusten nuelako. Atze-atzean jarri zitzaidan. Bera zaintzen nindoan. Bostehun bat metrora erasoa jo nuen, baina nekatu egin nintzen eta irabazi egin zidan.
Sandrina Illes austriarra zen. Zu baino 11 urte nagusiagoa eta munduko txapelduna izandakoa. Beteranoak bazekien zertan zebilen.
Bai. Lasterketa amaitutakoan, argi ikusi nuen. Bere atzean jarri behar nuen eta azkenengo erasoa neuk jo. Baina, tira, horrelakoetatik ikasten da. Hurrengorako, badakit.
23 urtez azpiko lorpena baino, seniorretakoa izan da sorpresa zuretzat. Onenetako batzuk falta ziren?
Duatleta onak joan dira, munduko txapelketetan ibilitakoak. Egia esanda, entrenamenduetako denborak egin ditut Ibizan. Espero nuen egindako denbora. Ez dakit. Bizikletan gustura ibili nintzen eta korrikako azken bost kilometroetarako indarrak gorde nituen. Orduantxe erabaki zen dena.
Nori eskaintzen diozu Europako txapelketa?
Jende askori, baina aukeratzekotan nire amama biei eskaini gura diet. Nire lasterketak ikustera etortzen dira eta badakit Europako txapelketa interneten streaming bidez jarraitzen ibili zirela nire familiagaz. Emozionatuta egon ziren. Mari Tere eta Nataliarentzat dira nire dominak. Aurten Zarautzen eman dut denboraldi bat eta goizetan kalean beroketa ariketak egiten hasten nintzenean, eurak biak nire alboan jarri eta nigaz batera aritzen ziren. Hirurok elkarregaz kirola egiten ibili gara.
Urtebetean gorakada nabarmena egin duzula sentitzen duzu?
Bai, batez ere korrika. Bizikletan ere nahikotxo hobetu dut. Estatuan eta Europan bizikletako ibilbideak errazak izaten dira. Taldean bazoaz, nahiz eta hain ona izan ez, defendatu zaitezke. Igerian, ordea, maila itzela dago eta falta zait oraindik.
Badakizu zer gertatzen zaion irabazten hasten den gazteari: exigentzia maila igo egiten diote.
Lehiaketa kanpotik aztertzen dutenekin gertatzen da hori. Guk sarritan, lasterketen ostean, askotariko gailuek jasotako datuak aztertzen ditugu eta beharbada lasterketako postuak erakusten duena baino hobeto aritu gara. Zure entrenatzaileak badaki, norberak badaki, baina kanpotik beste begi batzuekin ikusten da. Gainera, kontuan hartu behar da denboraldi osoan ezin zarela ehuneko ehunean egon. Batzuetan ez zaude sasoian, baina horrela behar du. Kirolarion artean ulertzen dugu. Baina kirola barrutik ezagutzen ez duenak, informazio faltagatik beharbada, ez du horrela ikusten.
Espainiako txapelketako duatloietan zein triatloietan hainbat podium lortu dituzu denboraldi honetan. Denetatik zein bereiziko zenuke?
Coruñako triatloi olinpikoa. Uretatik nahiko atzean irten nintzen, 40. postuan, eta korrika 30 bat postu aurreratu nituen.
Europakoaren ostean, munduko txapelketa da hurrengo erronka?
Munduko txapelketa apirilean da, Pontevedran. Hautatzaileek ez dakit zer kriterio erabiltzen duten aukeraketa egiteko, baina aukera eskainiz gero joango nintzateke. Nire lehenengo munduko txapelketa litzateke.
Iaz Nafarroako Trikideak taldera batu zinen. Zer dela-eta?
Eurek eskaini zidaten. Madrileko eta Galiziako talde banaren eskaintzak ere izan nituen. Baina Nafarroa gertuago dago, denak euskaldunak gara eta gurago izan nuen hara joan.
Talde berria, taldekide berriak… Zelan joan zen egokitzapena?
Oso ondo. Lehendik ezagutzen nituen, lasterketetatik. Giro ona daukagu. Alde horretatik, pozik nago.
Estatuko talderik onenetakoa da. Zeintzuk dira Champions-ean aritzearen alde onak eta ez hain onak?
Alde onak bakarrik ikusten dizkiot. Bidaiak eta hotelak ordainduta ditugu. Neure poltsikotik ordaintzekotan, ez nintzen toki askotara joango. Gainera, onenen kontra arituta ikasi egiten da. Gure taldean gazteak gara denak. Espainiako txapelketara joan ginenetatik, neu nintzen nagusiena. Besteak, dezente gazteagoak ziren.
Mugarra Triatloi Taldean urte asko eman ostean batu zinen Trikideak taldera. Pena eman zizun Mugarra uzteak?
Hemen entrenatzen jarraitzen dut eta Txelagaz [Serafin Bereziartua] eta beste batzuekin ibiltzen naiz bizikletan. Igerilekuan ere sarritan ikusten ditut.
Beraz, ez zabiltza Mugarra taldean, baina hartu-emanak mantentzen dituzu eurekin.
Bai. Beste talde bategaz noala lasterketetara, horixe da aldaketa, batez ere. Bestela, ez da aldaketa handi bat izan.
Umetatik kirol zalea izan zara?
Ikastolan futbolean aritu nintzen DBHra arte. Gero, neskei ez zieten mutilen taldean ibiltzen uzten eta ezin izan nuen jarraitu. Saskibaloia probatu, baina ez zitzaidan gustatu eta errugbian hasi nintzen, DRTn. Urte bian aritu nintzen, 14 urtera arte. Azken urtean, triatloia eta errugbia tartekatzen nituen.
Mugarra Triatloi Eskola sortu zuten urtean zu hantxe egon zinen.
Bai, Oihana Quesadak entrenatzen gintuen. Oroitzapen onak ditut. Lehenengo urteetan lehia baino jolas estiloa zen. Zaletasuna piztu guran ibiltzen ziren eta nigaz lortu zuten. Triatloian ez bazen, errugbian jarraituko nuen.
San Fausto jaietan txupinazo txikia botatakoa zara Mugarragaz. Zer oroitzapen duzu?
Orain urte bi izan zen. Paul Bereziartuak eta biok irakurri genuen testua. Denen aurrean mikrofonotik aritzeak ez ninduen erakartzen, baina polita izan zen.
Pertsona lehiakorra zara?
Bizitzan ez, baina kirolean bai. Entrenamenduetan eta lasterketetan lehiakorra naiz.
Medikuntza ikasten zabiltza. Zelan doaz ikasketak?
Bai, Basurtun. Sei urte dira eta azkenengoan nabil. Datorren urte hasieran BAME (Barneko mediku egoilirarrak) azterketa dut eta aurrera begirako espezialitatea aukeratzea egokituko zait.
Eta zein espezialitate gustatzen zaizu?
Oraindik ez dakit. Gehien erakartzen nautenak kirurgia barneratzen dutenak dira. Praktikoagoak iruditzen zaizkit. Kontsulta batean baino hobeto moldatuko nintzela iruditzen zait.
Medikuntza ikasteak lagundu diezaioke kirolari bati?
Norbere gorputza hobeto ulertzen laguntzen duen heinean, bai. Gauzak beste era batera ikusten dituzu.
Hori abantaila bat da.
Batzuetan txarrerako ere bada. Esaterako, hanka batean mina datorkizunean, gutxi gorabehera badakizu zer izan daitekeen eta badakizu beharbada denboraldi batean geldi egon beharko duzula ondo osatzeko… Buruari bueltak ematen hasten zara. Kirolari batek ez du geldi egon gura.
Arratsalde bat sofan jarrita egotea zigor bat da zuretzat?
Arratsalde bat aguantatu dezaket, baina bi… seguruenik ez (barreak).
Duatloiak, triatloiak eta… krosa. Azkenengo gehitu duzun espezialitatea da.
Orain urte bi hasi nintzen, Santutxu taldekoek proposatu zidatelako. Aurretik banaka batzuk eginda nengoen. 23 urtez azpiko taldea atera gura zuten eta nigaz batera beste hiru korrikalari batu zituzten. Urte horretan Espainiako kros txapelketan azpitxapeldun geratu ginen, taldeka.
Krosean Santutxu taldean ibili dira Iraia Garcia zornotzarra eta Gurutze Frades iurretarra. Zelako harremana duzu eurekin?
Oso ona biekin. Gainera, Gurutze Fradesen mutil-laguna, Roberto Corujo, nire entrenatzaile pertsonala da. Oso gustura nabil beragaz.
Beharbada, baten batek Fradesen edo Garciaren oinordekoa ikusiko du zugan.
Ez dakit, ba. Berba handiak dira. Intentzioa bai, baina ikusiko dugu. Gogo faltagatik ez da izango.
Krosean jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, gustatzen zait. Kroseko alderik txarrena egutegia da niretzat. Ni denboraldia hasten nagoenean izaten da. Orduan ez naiz sasoiko egoten eta sufritu egiten dut.