Irene Loizatek Europako duatloi txapelketa irabazi du 23 urtez azpiko mailan

Joseba Derteano 2018ko urr. 21a, 22:01

Argazkia: www.trikideak.es

Ez hori bakarrik, senior mailan brontzezko dominarekin itzuli da Ibizatik.

Handia egin du Irene Loizate durangarrak Ibizan jokatu den Europako duatloi txapelketan. Iaz, Sorian, ezin izan zuen proba amaitu. Urtebete geroago Europako txapelduna da 23 urtez azpiko mailan. Hori gutxi balitz, seniorretan hirugarren tokian amaitu zuen atzo. Minutu erdira bakarrik geratu zitzaion nagusietako urrezko domina. "Batera joan ginen azkenengo bi-hiru kilometroetan, esprinta arinegi jo nuen eta gero ezin izan nion eutsi. Hurrengorako beste estrategia bat erabili behar dudala argi dago", adierazi du Euskadi Irratiko mikrofonoan. "23 urtez azpikoan Europako txapelketa irabaztea posible ikusten nuen, baina ez nuen itxaroten seniorretan hirugarren geratzerik", gehitu du.

10 kilometro korrika, 40 bizikletan eta beste bost korrika izan zen atzo egin beharreko lana eta Loizatek ordu bi pasatxoan osatu zuen ibilbidea: 2.01.57. 

 

Irene Loizate Ibizako podiumean (Argazkia: trikideak.es) 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!