Irene Loizatek zilarrezko domina eskuratu du Espainiako duatloi txapelketan

Maialen Zuazubiskar 2018ko api. 9a, 11:36

Asteburuan Avilesen jokatutako Espainiako duatloi txapelketan Irene Loizate durangarrak bigarren postua eskuratu du 23 urtez azpiko mailan.

Saltoki taldean dabilen Irene Loizate durangarrak Espainiako duatloi txapelketan bigarren postua eskuratu du 23 urtez azpiko mailan eta zazpigarren izan da elite mailako Espainiako txapelketan.  "Oso pozik nago lortutako bigarren postuagaz", adierazi du Loizatek. Horrez gain, Usoa Ostolaza eta Laura Apariciorekin batera taldeka Espainiako txapeldun gelditu dira 23 urtez azpiko mailan.

Avileseko lasterketan 100 parte-hartzaile baino gehiago egon ziren eta durangarra momentu oro onenen artean ibili zen.

Bi aste barru Loizatek Sorian taldekako Espainiako duatloi txapelketa izango du. Bertan, Saltoki taldeagaz postu "on" bat lortzea espero duela adierazi du. Lasterketa horrekin duatloi denboraldiari amaiera eman eta triatloi denboraldiari hasiera emango dio Loizatek. Aurtengo denboraldian, Mungian, Eibarren eta Durangon garaipenak eskuratu ditu Saltokiko atletak. "Denboraldia espero baino hobeto doa", bukatu du Loizatek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!