Ibizako Dj famatuak eta Reincidentes, Durangoko jaietako protagonista musikalak

Markel Onaindia 2018ko urr. 2a, 16:25

Urriaren 11n hasiko diren sanfaustoetarako prestatutako egitarauaren berri eman du udalak. 265.000 euroko aurrekontuagaz, 190 ekintza inguru egongo dira herritarren aukeran. Iker Oceja zinegotziak adierazi du "adin eta publiko guztietarako" ekitaldiak antolatu gura izan dituztela. 

Musikaren atalari dagokionez, nobedade handi bat urriaren 12ko Dj jaialdia izango da. Pacha Ibiza diskotekako TAAO KROSS Dja eta Hard Rock Ibiza diskotekako DREAM3TEAM taldeek emanaldia eskainiko dute Ezkurdin, Durangaldeko Danny Meip eta Gorka Perez telonero izango dituztelarik. Rock eszenan sartuta, Reincidentes talde beterano andaluziarra etorriko da Durangora. Luhartz eta bestelako erromeriak ere ez dira faltako.

Sukalkia, arrakastatsu
Aipagarria da, marmitakoaren ordez aurten lehenengo aldiz egingo den Sukalki Lehiaketak arrakasta lortu duela. Izan ere, inskripzioa beteta dago: 120 talde apuntatu dira, eta hilaren 13ko ekintza gastronomiko horretan 1.000 lagun inguru batuko dira. 

Ocejak herritar guztiak eta bisitariak gonbidatu ditu jaietara, eta nabarmendu du "errespetua, elkarbizitza eta ardura" zainduta parte hartzea gura dutela. Bestalde, jaien antolaketan parte hartu duten elkarte guztiei eskerrak eman dizkie, eta baita Txosna Batzordeari ere. Aurten Landako Gunearen bueltan, kalean ipiniko dituzte txosnak. Bestalde, sokamuturra urriaren 12an, 13an, 14an, 20an eta 21ean izango da. Animalistek manifestaziorako deia egin dute, urriaren 13rako. 

Behean irakurgai dago egitarau osoa. Gainera, Durangoko Jaiak aplikazioan ere informazioa eskuragarri dagoela esan dute udal arduradunek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!