Sokamuturraren aurkako manifestaziorako deia egiten ari dira Durangon

Markel Onaindia 2018ko ira. 18a, 09:28

San Fausto jaietako ekintza esanguratsuenetako bat da sokamuturra edo Zezenak dira, baina herritar batzuk ez daude ados animaliak jairako erabiltzeagaz. Urriaren 13rako manifestaziora deitzen ari dira sare sozialetan.

17:00etan hasiko da manifestazio hori udaletxe aurrean, eta Alde zaharretik kalejira egin ostean, Andra Marian amaituko da. "Animalien eskubideen alde. Sentitu egiten dute. Errespetatu!", diote mezuan. Ekintzaile animalista batzuk dira antolatzaile. "Tradizioak garaietara egokitu behar dira, eta animalien tratu txarrak barne hartzen dituzten tradizioek ez dute lekurik gizarte garatu batean", aldarrikatu du kideetako batek. 

Durangon zale ugari ditu sokamuturrak, bai parte hartzeko bai ikusteko. Jaietako kasik egun guztietan egoten da, goizetan, Alde Zaharrean. Orain, aurka daudenak ere kalera aterako dira euren iritzia ezagutzera emateko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!