“Aurretik hamar urte eman nituen hemen eta etxeko talde moduan sentitzen dut DRT”

Joseba Derteano 2018ko ira. 3a, 19:30

Durango Rugby Taldean bigarren etapa bat hasi du Iñaki Perez Brionesek 'Ortzi'. Dozena bat urte joan dira lehenengoari amaiera jarri zionetik, baina ondo gogoan ditu urte haiek. Hainbat igoera lortu zituen, Ohorezko B Mailarakoa tartean. Harrezkero, maila horretan dihardute durangarrek.

Getxo taldeko entrenatzaile izateari utzi eta DRTra batu zara. Zerk erakarri zaitu talde durangarraren proiektutik?
Erronka berri bati heldu gura nion. Bilboko Unibertsitatea taldetik deitu zidaten eta dena prest nuen hara joateko, oporretan Georgiara joan aurretik. Oporretan nengoela, DRTtik deitu zidaten. Hamar urte eder eman nituen hemen, etxeko talde moduan sentitzen dut eta hori faktore garrantzitsua izan da erabakia hartzerako orduan. Bilboko proiektua erakargarria zen arren, ez nuen dudarik izan.  

Utzi zenuen maila berean aurkitu duzu taldea. Horretan ez dago aldaketarik. Kluba zertan aurkitu duzu  berdin eta zertan aldatuta?
Hainbat gauza gogoratzen nituen moduan daude. Esaterako, hemen nengoela inauguratu genuen belar artifizialeko zelai berria. Zuzendaritzan ere lehengoek darraite. Jokalarien aldetik batzuk ezagutzen ditut. Lehen etapako azken urtean gazteen taldea entrenatu nuen eta orduko jokalari batzuk lehenengo taldean dabiltza gaur egun.

Zelan gogoratzen duzu zure lehenengo etapa?
Euskadin behe-behetik abiatu ginen lehen urtean. Entrenamendu sistemak sendotu eta ordenatu genituen. Apurka talde lehiakorra osatu eta igoerak lortu genituen. Gaur egun DRT Ohorezko B Mailan jarraian urterik gehien daramatzan taldea dela esango nuke.

Igoera bat baino gehiago lortu zenituzten orduan. Arrakastaren errezeta gogoratzen duzun galdetuko dute zaleek…
Badago esaera bat dioena bigarren zatiak sekula ez direla onak izaten. Baina, tira, kontrako kasuak ere badaude. Egia esanda, horrek beldur apur bat sortzen zidan. Bere argi-ilunekin, lehen etaparen oroitzapen onak ditut eta ez nuke sentimendu hori orbandu nahi, baina erronkak hartzeko dira.

Errezeta on bat egiteko, osagai onak izatea funtsezkoa da. Lehengai ona aurkitu duzu?
Orain arteko entrenamenduetara, batzuetan jende gehiago etorri da beste batzuetan baino. Oporrak ere badira, lana eta entrenamenduak bateratzea beti ez da erraza…  Taldea ezagutzen nabil oraindik. DRT harrobiko kluba da eta horrek bere erraztasunak eta zailtasunak ditu. Fitxaketek taldea indartzen dute, hori horrela da, baina etxeko jokalariek badute besteek eskaintzen ez duten zerbait: bihotza. Taldea ondo zein txarto egon, konpromisoa erakusten dute eta ordainpekoetan sarritan ez da horrela izaten.

Iaz maila galtzeko zorian izan zen DRT. Aurten zein izango da helburua? Zer eskatu dizute?
Talde izaera indartzea da helburu nagusietako bat. Azken aldian nortasun hori apur bat ahuldu egin omen da eta hori berreskuratzea da lanetako bat.

Nola doa denboraldi-aurrea? Lagunartekorik jokatu duzue?
Oraindik ez. Joan zen astean hasi genituen entrenamenduak eta lau saio egin ditugu astero. Asteon beste lau entrenamendu saio egingo ditugu Angletera joan aurretik. Hango klubeko 23 urtez azpiko taldearen kontra jokatuko dugu. Horren ostean, benetako ordua helduko da. Irailaren 16an hasiko dugu liga denboraldia, Eibarren kontra, etxetik kanpora. Ea garaipen batekin hasi gaitezkeen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!