Harira joanez, nor dugu Iñaki Perez Briones “Ortzi”? Algortan jaiotako gizona, Getxo RT hainbat urte jokalari eta entrenatzaile gisa aritutakoa. 90. hamarkadan Getxo talde mitikoaren kidea, Liga txapelketa bat eta lau errege kopa eskuratu zituena.
Nola lurreratu zen Durangon? DRTk bere ibilbidearen 10. urteurrena ospatzeko partida batzuk jokatu zituen Getxo RTaren aurka. Egun horretan hasi zen kluba berarekin hitz egiten eta 1997-98 denboraldian entrenatzaile lanetan izan genuen.
Egia esan, sasoi horretan talde gaztea genuen, gogo eta ilusio asko izan arren, taktika eta halako kontuetaz ia ezer gutxi genekien. Partidak batez ere Arripausuetako “infernuan” ateratzen genituen, areazko zelaia zen eta kanpotik zetozen taldeek sufrimendu itzela hartzen zuten arean, gu ohituta geunden baina esan bezala beraiek izugarri sufritu egiten zuten, eta hor genuen gure indargunea.
Ortzik hainbat kontu aldatu zituen gure artean emandako hamar urte horietan. Alde batetik, entrenamenduak askoz landuagoak ziren. Ariketa ugari, taktika bariante edo aldaera askorekin, eta hori hasieran asko kostatu zitzaigun barneratzea. Askok, oinarrizkoak ziren kontzeptuak ez genituen menderatzen ezta ezagutzen ere, eta hasierako urte horretan zerotik hasi eta dexente hobetu behar izan genuen.
Bestetik, taldea egitea lortu zuen, hau da, gure indarretako bat bilakatu zuen talde izaera. Ziurrenik ez genuen oso joku ikusgarria eskaintzen, baina grina, indarra eta irabazteko gogoekin kutsatu gintuen. Hori partidetan zein hirugarren denbora luze haietan islatzen zen, taldea kuadrila bilakatzea lortu zuen.
Bukatzeko, hazteko gai ginela sinestarazi gintuen. Argi genuen klubaren helburuetan ez zegoela kanpoko jokalariak ekartzea, fitxaketak egitea etab… beraz gure esku zegoen, eta berak lortu zuen gutariko askok gure gaitasunetan sinestea. Horrekin batera, 1980. urte inguruan jaiotako gazte ugari lehen taldera igotzea lortu zuen , gazte eta beteranoen nahasketa ederra eginez. Urte horiek, niretzat behintzat, zoragarriak izan ziren, eta talde moduan izugarri hazi ginen, bi ekipo genituen eta jokalari ugari. Emaitza onak lortu genituen Liga irabaziz eta Ohorezko B mailara igoz, eta taldeak 13 urte beranduago hor dirau.
Orain erronka ederra du Ortzik, jokalari gazte ugari ditu, harrobian hasitakoak, belaunaldi ederra, baina gure Ligan dauden talde gehienak atzerritarrez josita dauzkagu. Bejondeizula Ortzi, zorte on hastear dagoen denboraldian eta eskerrik asko emandako guztiagatik!!