Durangoko San Inazio auzoa TAO bako eremu izatera pasa gura dute

Markel Onaindia 2018ko uzt. 19a, 14:58

TAO berrantolatzeko aldaketak proposatuko ditu osoko bilkuran udal gobernuak, eta horien artean aipagarria da San Inazio auzoa TAO eremutik kanpo geratzeko ideia. Beste sei proposamen aurkeztuko ditu gobernuak.

Arratsaldeko ordutegian ere aldaketak egitea gura dute, hemendik aurrera 16:00etatik 20:00etara izatea hain zuzen (orain arte ordu erdi lehenago hasi eta amaitzen zen). Ordutegi hori komertzioarenari parekatzea da asmoa. Izan ere, "udalerriko merkataritza hobetzea eta garraio publikoa erabiltzea" sustatu gura du gobernuak aipatutako 7 aldaketa horiek aurrera eramanda. 

Besteak beste, Landakoko anbulatorioan, osasun-zerbitzuetarako erabiltzaileak gehienez 90 minutu egon ahal izateko, txandatze-maila altuko gunea (Gune Berdea) ezartzea ere bada gobernuko alderdien nahia. Kuatrizikloak egoiliarrentzako erregimenean sartzea, jarduera bakoitzeko gremio txartelak gehitzea, arau-hausteengatiko zenbatekoak aldatzea, eta renting-eko ibilgailuak dituzten Durangon erroldatutako pertsonek egoiliarrentzako txartela lortzeko behar den dokumentazioa zehaztea dira gainerako proposamenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!