Genero arloko kode bat izango du Durangoko Udalak, Garateren auzia eta gero

Markel Onaindia 2018ko uzt. 18a, 13:45

Kargudunentzat jokabide eta jarrera onak zehaztuko dituen kode hori ez da derrigorrezkoa izango, baina sinatzen dutenek betetzeko konpromisoa hartuko dute. Zinegotziek dimisioa aurkeztu beharko dute indarkeria matxistagaz lotutako prozeduraren bat edukiz gero edo kodea urratuz gero. Iaz sexu-abusu saiakeragatik atxilotu zuten PPko Fran Garate zinegotzia, eta udalak dimititzeko eskatu arren, ez du halakorik egin. Kodeari buruzko mozioa biharko bilkuran onartuko dela adierazi du udal gobernuak.

Pilar Rios alkateorde eta berdintasun zinegotziak azaldu du ezin dela inor horrelako kode bat sinatzera derrigortu. "Hori bai, sinatzen duenak kodea bere egin beharko du eta bere jokabideetan konpromisoa islatu beharko du".

Hainbat jokabide zehaztu dituzte sexu-jazarpen lez: eraso fisikoak; mehatxu bidezko sexu eskariak; ezkutuan eginiko behaketak; beharrezko ez diren ukituak; itxura fisikoari eta sexu zein genero orientazioari buruzko irainak; indakeria fisikoa, berbakoa eta keinuzkoa...

Riosek esan du aitzindaria dela Durangoko kodea, eta udalak indarkeria matxistaren aurka garatzen dituen beste hainbat ekimenen artean kokatu du, Herritarren Ituna kasurako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!