17:00etatik 19:00etara ibili dira udal teknikariak plana azaltzen politikariei eta herritarrei. Herritar batzuek galderak egin dituzte, eta berba ere hartu dute batzuek euren kezkak azaltzeko. "Ikaragarria iruditzen zait Ezkurdi inguruan trafikoa sortzea", esan du emakume batek, biribilgune berria eta Askatasun etorbidea lotuko dituen errepide berriagatik. Udal injeniariaren arabera, eraikuntza berriek trafiko arazo larririk sortuko duen ondoriorik ez dute eman ikerketek. 550 etxeak ere aipagai izan dira. "Durangon dauden etxe huts guztiekin, etxe gehiago behar dira?", galdetu du pertsona batek. "Etxeen altuerak kezkatzen nau. Udal Tokiko Agenda 21en parte hartzen dut ikasleekin, eta jasangarritasuna kontuan hartzea eskatzen dut", gogoratu du irakasle batek. "Ez al litzateke hobe erreferendum bat egitea?", galdera bota du beste herritar batek.
Dekretua, "seguruenik bihar"
Herritar eta politikarien arteko iritzi trukean, Balierrek azaldu du Durango Operazioak trenaren lurperatzea ekarri zuela, eta hori ahazten dela eztabaida sortzen denean. EH Bildu eta Herriaren Eskubideko ordezkariek plana geratzeko eskatu dute, Erabakik proposatu duen galdeketa gauzatu eta ostean Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren baitan treneko plana berregokitzeko. Baina, Balierrek esan du ez dagoela bere esku plana gelditzea, arkitektuak oniritzia ematen badu dekretua sinatu beharra duela, bestela prebarikazioa izan litekeelako. Eta, "seguruenik bihar" sinatuko duela iragarri du. Oposiziokoek erantzun diote, gobernuak ematen dizkiola irizpideak arkitektuari ze proiektugaz aurrera egin eta zegaz ez erabakitzeko.
Planari oniritzia eman eta gero, irailaren 28ra arte urbanizazioari buruzko alegazioak egiteko aukera emango du udalak, baina ez ordenazioan aldaketa sakonik proposatzeko.
Trazatuaz
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako plana bere horretan azaldu dute batzordean. Udal injeniariak azaldu du momentuz ez dagoela zehaztuta zein erabilera emango zaion biribilgunetik ekialderantz sortuko den bideari, trenbidea hartzen zuen trazatuari hain zuzen. Udalaren hasierako asmoa ez dela trafikoa bideratzea, balitekeela larrialdietako zerbitzuentzat soilik izatea oinezko eta ziklistez aparte.