Eraso sexistak prebenitzeko Durangon sortutako aplikazioa sanferminetan erabiliko dute

Markel Onaindia 2018ko uzt. 5a, 11:01

Durangon aplikazioaren aurkezpena egin zuteneko irudia.

2017an Durangoko jaien harira sortu zuen udalak mugikorretarako Erastop aplikazioa, eta orain beste herri batzuetan ere erabiliko dute. Adibidez, Iruñeko sanferminetan eta Bilboko Aste Nagusian bere erabilpena sustatuko dute.

Aplikazioa urte osoan erabilgarria da, ez jaietan bakarrik. Geolokalizazioen bidez, erasoen prebentzioa edo salaketa errazten ditu; telefonoan botoia sakatu eta salaketarako deia zuzenean jasotzen dute udaltzainek. Hauek, gertaeraren kokapen zehatzaren datua jasotzen dute aplikazioari esker.

Gainontzeko herri edo hirietan, Iruñean adibidez, aplikazioa egokitu egingo dute zerbitzua hango udaltzaingoarekin koordinatu ahal izateko. 

Bestalde, zapatu honetan aplikazioari buruz jardungo dute Durangon antolatutako autodefentsa feministako tailerrean. Bertan, Idoia Agorria arduradunak udan erabili ahal izateko aholkuak emango ditu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!