Zestako Jai Alai World Tour zirkuitua aurkeztu dute Durangoko Plateruenean

Joseba Derteano 2018ko uzt. 3a, 14:01

Mikel Egiguren, Cristhofe Olha, Unai Lekerika, Mikel Barandika eta Ibon Aldazabal zestalariak gaur Plateruenean egindako aurkezpenean

Jaialdiz betetako hiru hilabetetan punturik gehien batzen dituzten aurrelari eta atzeralari izango dira txapeldunak.

Barikuan Hossegor-en (Frantzia) hasi eta Gernikako urriko azken astelehenera arte munduko zestalaririk onenetakoak batuko ditu aurtengo aldiak. Hondarribian, Lekeition, Bartzelonan, Markinan eta beste hainbat pilotalekutan jokatuko dituzte txapelketak. Durangoko jaietako San Fausto egunean —urriak 13— ere seguruenik antolatuko dute zirkuituaren barruko Master Series bat, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Hala ere, oraindik ez dago lotuta eta arlo horretan lanean dabiltzala adierazi dute gaur Plateruenean egindako aurkezpenean.

Munduko Pilota Batzarretik sustatutako zirkuituak Gernika Jai Alai eta Jai Alive-eko pilotariak batuko ditu. Bi enpresen artean aldi baterako enpresa-elkartea sortu dute eta horren bitartez kudeatuko dute.

17 pilotarik parte hartuko dute eta bikoteak aldatu egingo dira partidutik partidura. Iaz, punturik gehien batutako zestalariekin azken fase bat jokatu zuten Durangon. Aurten ez dute horrelakorik egingo eta Gernikako txapelketaren ostean punturik gehien dituztenak izango dira txapeldunak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!