Javier Aguirre Europako azpitxapeldun, triatloietan

Joseba Derteano 2018ko eka. 27a, 14:15
Javier Aguirre zilarrezko dominagaz (Argazkia, facebook: Javier Aguirre)

Organoren bat transplantatuta duten edo dialisia behar duten kirolarien Europako txapelketan parte hartu du durangarrak.

Astebetean, ekainaren 17tik 24ra, askotariko kirolen Europako txapelketak jokatu zituzten Cagliarin (Cerdeña, Italia) eta Javier Aguirrek (Durango, 1966) triatloietan parte hartu zuen, beteranoen mailan. Azpitxapeldun geratu da. Iaz munduko txapelketan laugarren amaitu zuen durangarra faboritoen artean zegoen. Hala ere, zilarrezko dominaren gainetik han ezagututako jendeagaz geratzen da. “Niretzat helburu nagusiak nire egoeran dagoen jendea ezagutzea da eta transplante baten ostean kirola egiten jarraitu daitekeela erakustea dira”. 2014an giltzurruna transplantatu zioten Aguirreri.

Triatloi osoa jarraian egiteko eskaera

Triatloia hiru egunetan banatuta egon zen. Egun batean igerian, hurrengoan bizikletan eta azkenekoan korrika aritu ziren. Aguirrek ez dio horri zentsu handirik ikusten, urtean zehar 15 bat ordutako proba gogorrak jarraian egin izan dituztenean. Cagliarin munduko txapelketa antolatzen duen zuzendariarekin egon zen eta hura ere dena batera egitearen aldekoa dela dio Aguirrek. “Arlo horretako txosten bat egiteko eta bidaltzeko eskatu zigun niri eta lagun bati. Ea araudia aldatzea eta dena batera egitea posible den”, adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!