Zenbat urte eman zenituen giltzurrunetako gaixotasunagaz?
30 urtegaz diagnostikatu zidaten, eta 15 urtean zaintzen egon nintzen. Tratamenduan ere bai, baina, batez ere, zaintzen. Endekapenezko gaixotasuna zen, eta 18 hilez dialisia egin behar izan nuen. Giltzurrun transplantea 2014an egin zidaten.
Betidanik gustatu izan zaizu kirola?
Bai, betidanik. Durango Rugby Taldean aritu nintzen eta sorrerako taldekoa naiz. Errugbia utzi ostean, bizikletan zentratu nintzen.
Hain kirol zalea izanda, gaixotasuna eta bere ondorioak barneratzea kostatu zitzaizun?
Niretzat gogorrena ez zen izan, esaterako, transplante bat beharko nuela pentsatzea. Une hartan gehien amorratu ninduena lehiaketazko kirola utzi behar nuela entzutea izan zen. Horixe esan zidan medikuak.
Orduan bizikletan zenbiltzan?
Bai. Hasieran ez neukan informaziorik, ez neukan nork aholkatu, eta bizikleta apur bat alboratu egin nuen, beldurragatik. Gero, apurka-apurka, jende bat ezagutzen hasi nintzen: transplantea izandakoren bat, Sonsoles Hernández entrenatzailea… Apurka zer eta zelan egin ikasi nuen. Medikua ez da arriskatzen. Kirola “gutxi eta astiro”, esaten dizu. Baina frogatuta dago ondo zainduta eta gaian aditua den entrenatzaile bategaz kirola onuragarria dela. Dialisia hasi nuenean, lan baten moduan hartu nuen. Baja eman zidaten, eta lagunei esaten nien: “Astean dialisia hiru bider egiteko eta saiotik saiora gimnasiora joan eta zaindu nadin ordaintzen didate. Ebakuntzaren eguna heltzean, paziente perfektua izan nadin”.
Kirola egiteko modua asko aldatzen da gaixotasunaren aurretik eta ostean?
Ez. Giltzurruna transplantatuta dugunok hidratazioa asko zaindu behar dugu. Horregaz eta elikadura orekatu bategaz pertsona normal baten intentsitate ia berdinagaz egin dezakezu kirola. Begira, Bilboko martxan parte hartuko duen bat Dani Lopez katalana da. Transplante bat igarota, estatuan Iron Man bat eta Titan Desert erronka egin dituen lehenengo pertsona da.
Aipatu duzu hasieran, gaixotasunaren berri jakitean, ez zeneukala informazio askorik. Orain errazagoa da?
Sare sozialak, internet… gero eta informazio gehiago dago. Bilboko martxak informazio hori ematea ere badu helburu. Horrelako kasuren batean nora joan zaitezkeen, zer egin dezakezun… hau da, prozesu horri ez zaiola zertan bakarrik aurre egin zabaltzea da helburua. Ildo horretako hainbat postu egongo dira.
Bilbon antolatzen duzuen martxa hori lehenengoa da?
Iaz Lleidako Alfarrás herrian antolatu zen, formatu txikiagoan. Baina hiri handi batean egingo den lehenengoa izango da. Trainsplant plataformaren eta Jaume Arnó fundazioaren artean antolatzen dute. Zornotzako Urgozok eta Bilboko Bilbaina elkarteek ere lagundu dute. Organoen, medularen eta odolaren donazioaren garrantzia zabaltzea eta gaixo kronikoengan zein transplantatuengan ariketa fisikoa sustatzea dira helburua. Eta, jakina, aurrera egin daitekeela erakustea. Transplante baten ostean kalitatezko bizitza egin daiteke, edonoren moduan. Anbulantzia medikalizatu bat egongo da eta transplantatu guztiek analisiak egiteko aukera izango dute, lasterketaren aurretik eta ostean. Analisi konpletoa izango da.
Zein izango da ibilbidea?
50 eta 100 kilometroko ibilbide bana izango dira. Edonork parte hartu dezake. Esaterako, Marino Lejarreta arituko da. Barikura arte izen-ematea www.transplantbike.com webgunean egin daiteke; Zapatuan Deustuko Ziklos Deusto dendan eta baita lasterketaren egunean bertan ere.
Martxagaz batutako dirua nora bideratuko duzue?
Gurutzetako eta Galdakaoko ospitalen artean banatuko dugu. Zati bat pedalak erosteko izango da, dialisian ariketa hori egiten da eta, pedalei eragitea. Batzuek txarto pasatzen dutelako dialisian. Tentsioa jaisten zaie, zorabioak izaten dituzte… Beste zati bat ikerketera bideratuko da.
Aurten munduko txapelketan parte hartu duzu. Zelan joan zen? Gustura geratu zinen?
Transplantatuen munduko triatloi txapelketan aritu nintzen, Malagan. Barikutik domekara egun bakoitzean proba bat egin genuen, gehiegizko esfortzuak ekiditeko. Korrikakoa izan zen lehenengoa, eta uste baino hobeto aritu nintzen. Bizikletan, gusturen sentitzen naizen modalitatean, ez nuen pozik amaitu. Igerian, berriz, espero nuen mailan aritu nintzen. Azkenean, laugarren geratu nintzen, brontzetik segundo bira.
Segundo bira besterik ez? Amorrua eman zizun?
Tira, emaitza gutxienekoa da. Hara joateak eta ondo pasatzeak du benetako balioa. Ezagututako jendeagaz eta jasotako esperientziekin geratzen naiz. Gogoan dut iaz Finlandian izan zen munduko txapelketan 15 urteko neska herbeherear bategaz izan nuen solasaldia. Bihotza transplantatuta zeukan. Proba amaitu zenean zelan aritu nintzen galdetu zidan. Zortzigarren amaitu nuela erantzun nion. “Zorionak, honaino etorri eta proba amaitzea lortu duzu”, esan zidan bizkarrean zaplada bat emanda. Horrelako bizipenak dira inportanteenak.
Errepideko Espainiako txapelketa irabazi duzu aurten.
Bai, Kirol eta Osasunaren Txapelketa da izen ofiziala. Avilan izan zen. Ez nuen nire adin tartean irabazterik espero, egia esanda. Baina, berriro, ezagutu nuen jendeagaz geratzen naiz.