Zelan sortu zen Baix Llobregateko nekazaritza-parkea?
1998an sortu zen. Nekazarien sindikatuak lur gehiagoren beharrizana aldarrikatu zuen. Aldundia ere espazio naturalak bultzatzekotan zebilen. Partzuergo bat eratu zen, eta parkea osatzen zuten 14 herriei ere batzeko deia egin zitzaien. Lurrak higiezinen eztandatik babestea lortu zen.
Lurra babestea ere helburu da.
Bai, baina gestionatu barik kontserbatzea, denbora galtzea da. Argi geneukan lurra landu behar zela, eraikuntza urbanistikotik salbatzeaz aparte.
Zelan antolatzen da?
1.500 ustiategi daude 3.000 hektareatan. Nekazari profesionalak eta elikagaiak jaten dituzten herritarrak dira onuradunak. Gestio orokorra da asmoa: bideak zaintzea, ur hornidura konpontzea, azokak antolatzea, nekazaritza ekologikoa sustatzea... Gainera, kontsumitzaileak zer jaten duen jakitea ere gura da. Proiektu agrourbanoetan dago gakoa. Nekazaritza barik ez dago hiri inteligenterik.