Nekazaritza-lurren eta eskola jantokien gaiak aztertuko dituzte Oinak Lurrean jardunaldian

Markel Onaindia 2018ko mai. 9a, 16:01

Maiatzaren 24an Oinak Lurrean jardunaldiaren bigarren edizioa hartuko du Plateruenak, Amankomunazgoaren eta Urkiola Landa Garapenaren eskutik. 2016an lurralde garapena era orokor batean landu eta gero, aurtengo aldian nekazaritza-lurren antolaketa eta eskola jantokien gaia aztertuko dituzte. Izena hilaren 21era arte eman ahal da.

Bestelako esperientziak ezagututa eta elkarregaz hausnartuta, eskualdean etorkizuneko dinamiketarako balio dezaketen ikustea da helburua, Aitor Lopez Amankomunazgoko presidenteak eta Endika Jaio Urkiola Landa Garapeneko presidenteak eguazteneko aurkezpenean esan zutenez. Goizean, esaterako, Baix Llobregateko (Herrialde katalanak) Nekazaritza Parkearen berri emango du Josep Montasellek. Gero, Leire Milikuak eta Sergio Gallegok lurrak babesteaz eta gestionatzeaz berba egingo dute, eta Gaindegiako Imanol Esnaolak udalerrien beharrez. 

Arratsaldean, erkidegoko jantokien egoera jorratuko du Euskal Herrian Bidezko Elikadura erakundeko Eneko Viñuelak, eta Margarita Hernandezek Kanaria uharteetan duten Ekojangelak programa aurkeztuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!